Nork jakin, laster, Txirikordaren bizilagunak izan daitezkeenak izango ziren ostiral arratsaldean, Usurbilgo Udalak belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa bisitatzeko antolaturiko bisita gidatura joan zirenak. Ikusmina eta zirrara eragin zuen 18-30 urte arteko gazteak eta 65 urtetik gorako herrikideak elkarbizitzen jarriko dituen egitasmoak.
Espazio zabal eta irekiak, baina batez ere argitsuak ditu Txirikordak. Bereziki ezaugarriok erakarri zuten bisitarien arreta. Lanak azken txanpan dituzte, hitzorduan parte hartu zutenek ikusi ahal izan zutenez. "Oso gutxi falta da bukatzeko", zioen bisitaren hasieran Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak.
Elkarbizitza komunitarioa
Herrian txertaturiko eraikina da Ugartondon kokaturikoa. Logela bakarreko eta biko 16 etxebizitza dira egokitu dituztenak, bizilagun bakoitzak bere txoko propioa izan dezan. Baina denak elkarbizitzeko espazio komun bat baino gehiago ditu. Ez baita ahaztu behar, proiektu honek elkar lotuak dituela bi berezitasun nagusiak; belaunaldiartekotasuna eta adin ezberdinetako herrikideak modu komunitarioan bizitzeko aukera. Aipatzekoa baita, eraikina kanpo espazioarekin nola dagoen estuki lotua; Ugartondoko auzune berrian txertatua dago guztiz, herri erdigunera begira. Udal ekipamendu bat ere izango du eraikinak.
Otsailaren 28ra arte zabalik izango dute Txirikordan bizi nahi dutenek, egitasmoan izen-emateko epea.