Txirikordan bizi nahi dutenek adi; belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioan izen-emateko epea ixtear dute eta. Asteartean, otsailaren 28an amaituko da 18-30 urte arteko gazteentzat eta 65 urtetik gorakoentzat eskabideak aurkezteko tartea.
Izen-emateko deialdia, urriko udalbatzarrean Txirikordari lotuta onartu zuten "baremazio eta esleipen prozedura erregelamenduan jasotakoaren baitan" kokatu behar da. GAO-ren iragarkian dituzue hain zuzen, dokumentuok:
Izena emateko eskabidea 18-30 urte artekoentzat
Izena emateko eskubidea 65 urtetik gorakoentzat
Esleituko diren etxebizitzen zerrenda
Txirikordaren GAO-ko iragarkia
Esteka horietan, adin tartearen arabera bete beharreko eskabide orria dute interesdunek. "Izena ematen dutenen artean, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da epea amaitzen denean, eta alegazioak aurkezteko tartea ere izango dute", ohartarazi du Udalak. Guztira, gogoan izan, 16 bizileku izango ditu Txirikordak 4 bi logelakoak, gainerakoak logela bakarrekoak. "Bestelako elkarbizitza eredu bat sustatu nahi du, bizi eredu komunitarioa, eta bi kolektiboek elkar aberastu eta elkar zaintzeko. 2019an egindako parte-hartze prozesua dago proiektuaren oinarrian: orduan finkatu ziren ezaugarri eta eduki nagusiak, eta legealdi honetan proiektua gauzatzeko urratsak egiten ari da Udala".
TXIRIKORDA BELAUNALDIARTEKO ETXEBIZITZA KOMUNITARIOA
Nori zuzendua: etxejabeak ez diren 18-30 urte arteko gazteei eta 65 urtetik gorako helduei.
Helburuak: gazteen emantzipazio beharrei eta adinekoen bakardade edota etxebizitzako irisgarritasun arazoei aurre egitea.
Kokagunea: Ugartondoko urbanizazio berria, Ugarte baserriaren ondoan.
Etxebizitza kopurua: 16. Kolektibo bakoitzarentzat zortzina etxe. "Kolektiboren batean ordezkariek ez balego, 2-3 etxebizitza erreserban utziko lirateke. Itxaron zerrenda osatuko da etorkizuneko bajak betetzeko".
Etxebizitzen ezaugarriak:
-Logela bakarreko 12 etxebizitza eta biko beste lau.
-Etxebizitza bakoitzak egongela, sukaldea, komuna, logela(k) eta terraza ditu. Baita espazio komunak ere: terraza teilatuan, portxea sarreran, garbigailuak, biltegiak, sukaldea, jantokia, egongela, liburutegia eta erabilera anitzeko gela.
Elkarbizitza:
-Espazio autogestionatua izango da: bakoitzak bere etxe pribatua izango du, baina aldi berean, espazio komunak partekatuko ditu gainerako bizilagunekin.
-Komunitateak ezarriko ditu espazio partekatuak zeintzuk diren, baita "garbiketa txandak, erabilpenak eta ordutegiak".
-Norbanakoen eta kolektiboaren kontsumoak bereizi egingo dira. Erosketak, harpidetzak zein ondasun kolektiboen kontsumo adostuak sustatuko dira.
Esleipena:
-2 urte baino gehiagoz Usurbilen erroldatua egotea.
-Eskaera norbanako moduan edo bizi nahi duten pertsonekin batera bideratu ahalko da, "betiere guztiek baldintzak betetzen badituzte". Logela bat edo bi behar diren zehaztu beharko da.
-Eskatzaileek Udalak eskainitako formakuntzan eta prestaketan parte hartu beharko dute.
-Gazteen kasuan: zozketa bidez esleituko dira etxebizitzak gehienez 5 urterako. Esleipena egiten den unean 18-30 urte izan beharko dituzte eta ezingo dute etxebizitzarik jabetzan izan.
-Helduen kasuan: gizarte zerbitzuek eskatzaileen beharrak neurtzeko baremazioa egingo dute. 5 urtekoa izango da etxebizitzen esleipena, baina luzagarria, "etxea esleitu uneko egoerak bere horretan jarraitzen badu".
-Errenta diru-sarrera guztien %15 izango da, hilero 90 euroko gutxienekoa ezarrita.
-Etxea jabetzen duten helduen kasuan, "bi urtez egon beharko dute Usurbilen erroldatuta, eta etxebizitza jabetzan izanez gero, urtebeteko epean parke publikora alokairuan ateratzeko konpromisoa hartu beharko dute".
Txirikordan bizitzeko konpromisoak:
-Komunitatean bizitzea: bestearekiko errespetua, parte-hartzea eta komunitateak banaka zein taldean egiteko adostutako lanak egiteko konpromisoa, astean ordu batzuk komunitateari eskaintzea.
-Energia berriztagarrien zein bertako kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egiten du.
-Txirikordak Usurbilgo bizitza publikoan eragile aktibo izan nahi du: "beraz, barruko zein kanpoko jarduerak bultzatuko ditu".
Obren amaiera: 2023. urtea.
Informazio gehiagorako: usurbil.eus/txirikorda / 943 371 951.
Iturria: Usurbilgo Udala.