Euskal kantuekin gogotik girotu digute larunbat eguerdia

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 25a, 12:34

Hileroko hitzorduari hutsik egin gabe plazaratu da gaur ere, Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.

Euskal kantutegiari errepaso ederra ematen aritu dira larunbat eguerdi honetan Usurbilgo Euskal Kantu Taldeko kideak. Hilero azken larunbatetan egin ohi duten moduan plazaratu dira, herria girotzeko gogo biziz; kantuan, lagunarte giroaz gozatzera.

Adi, Kantu Taldearen datozen deialdiei, martxoan hitzordu bikoitza iragarri baitute, lehenengoa Martxoaren 8aren testuinguruan:

Martxoak 11, larunbata
19:00 Hirusta Trio taldearen "Matrioshka baten soinu geografia" emanaldia Sutegin.
Sarrerak: 5 eurotan eskuragarri aurrez, usurbilkultura.eus plataforma bidez.
Zehaztasunak: "Ahotsak, pianoak, poesiak eta ikus-entzunezko edukiek osatzen dute Hirusta Triok sortu duen  "Matrioshka baten soinu geografia" emanaldia. Musikaren eta lirikaren bitartez kontatzeko asko duten hiru emakumek osatzen dute taldea; beraien ikuskizunak publikoaren eta antzezlekuaren arabera moldatzen badituzte ere, beti dute ardatz berdina: emakumea. Garbiñe Abendaño abeslari sopranoak, Margarita Lorenzo de Reizabal piano-jole eta ikus-entzunezkoen arduradunak eta Julene Zenikazelaia errezitatzaile eta gidoilariak osatzen dute Hirusta Trio". 

Martxoak 25, larunbata
12:00 Kantu-jira Mikel Laboa plazatik.

Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.