Osinalde industriagunean duela urtebete jasotako irudia duzue ondokoa. Maletak, agurrak eta negar malkoak, sorterritik ihes egin behar izan zutenen egoera latzaren argazkia. Auzolan itzelari esker, gerratik ihesi, sorterritik irten behar izan zuen ukrainiar talde bat heldu zen Aizpurua enpresakoen autobusetan Usurbila.
Gehienak, haurrak, gazteak, amak, amonak. Osinalde industriagunean zain zituztenak agurtuz heldu ziren autobusez. Ezin hunkigarriagoa izan zen autobusetik jaitsi ziren unea. Malkoak, isiltasuna, irribarre eta esker ona, baina batez ere, bidaia luze eta gogor honetan elkar ezagutu eta bidelagun izan zirenak, betidanik familiakoak balira bezala elkar besarkatu eta agurtzen. "Bidaiako unerik gogorrena, agurra" entzun genion bolondres bati.
Usurbilen geldialdia egin zuten, zain zuten bolondres talde zabal eta eraginkor bat, bidaia luze honi segida emateko. Ukrainiarrok helmuga ezberdinak zituzten, batzuk Euskal Herriko txoko ezberdinetan geratzekoak ziren, beste hainbat iberiar penintsulako zonalde ezberdinetan.