Elurra hurbiletik ikusteko aukera datozen egunotan

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 26a, 08:51

Astelehenean 0-100 metro artean zuritu dezake. Elurragatik abisu horian izango gara.

Elurra hurbiletik ikusteko moduan izan gaitezke, iragarpena betetzen bada. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, 0-100  metro artean zuritu dezake astelehenean eta horregatik abisu horia indarrean izango da bihar egun osoz. Halere "prezipitazio txikia" egitea espero da. Bi zentimetrotan pilatu daiteke 200 metrotan.  

Azken orduotan Euskalmet meteorologia agentzia Usurbilerako egiten ari den iragarpena aintzakotzat hartuta, astelehen gauean eta astearte goizaldean espero da elurra egitea. Aurreikuspen hau ordea hurrengo orduotan alda daiteke.

"Prezipitazio txikia"
Datozen orduotan, "zerua hodeitsu egongo da, tarte oso hodeitsuekin. Prezipitazio txikia egingo du azken orduetan. Elur-kota gauean 100-200 m inguruan egongo da. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura maximoak nahikoa jaitsiko dira".

Astelehenean, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da, behe-hodeiekin. Prezipitazio txikia egingo du, egunaren erdialdeko orduetan ugariago. Elur-kota 0-100 m inguruan egongo da eta egun amaieran 200 m-ra igo daiteke. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin, bereziki egunaren lehen partean. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da, bereziki maximoak. Izotz txikia egingo du."

Asteartean, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Prezipitazio txikia egingo du, zenbait lekutan ertaina. Elur-kota 100-400 m inguruan egon daiteke. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da. Izotz txikia egingo du".

Iinformazio eguneratua hemen: euskalmet.eus