Agerreazpiko udal baratzeen kontzesioak berritzeko garaia da

Erredakzioa 2023ko ots. 27a, 10:50

Udalak 60 partzela ditu Agerreazpin. Ustiatzeko baimenak bost urtekoak izaten dira eta berritzea tokatzen da. Bihar hasi eta martxoaren 20ra aurkeztu behar dira eskaerak. Orain arte bezala, baimen berriak ere bost urtetarako izango dira, 2028ra arte.

Martxoaren 20an amaituko da eskaerak aurkezteko epea. Udalak aditzera eman duenez, "zozketa bidez ebatziko dira" 60 partzela horien ustiaketa. "Partzela baino eskatzaile gehiago badaude, itxaron zerrenda ere osatuko dute; hala, partzela bat kontzesioa bukatu aurretik hutsik geldituko balitz, zerrenda horretako lehenengoak ordezkatuko luke".

GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean gaur argitaratu dituzte deialdiaren oinarriak. Hauxe esteka:  Agerreazpiko udal baratzak esleitzeko oinarrien onespena. 

 

Tamaina ezberdineko 60 partzela

Agerreazpiko baratze parkeko 36 partzela: 30m2-koak dira eta beste 24ak, 60m2-koak. 

 

Kontzesioen prozedura

Partzelen kontzesioa zozketa bitartez ebatzitako dela azaldu du Udalak eta hurrengo prozedura jarraituko da:

  • Ezinbestean eskaera Usurbilgo Udalean aurkeztu beharko da,Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko otsailaren 27ko bigarren eta hirugarren eranskinak beteta.
  • Eskaeren artean lehentasun taldea osatuko dute langabetuek, jubilatuek, pentsiodunek, gazteek (gehienez ere 25 urte), familia ugariek, emakumeek eta udal baratzetako konpostatze komunitarioko arduradunek. "Lehen zozketa, lehentasuna dutenen artean izango da. Ondoren, partzelarik esleitzeko balego, gainontzeko eskatzaileen arteko zozketa izango da", udalaren prentsa-oharrean jasoa datorrenez.
  • Esleipendun berriak lehendik udal baratzeen erabiltzaileak badira, aurretik lantzen duen udal baratzea esleituko zaio, azalera bereko baratzea eskatzen badu.
  • Esleipendunen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, eta 10 egun balioduneko epea izango da alegazioak aurkezteko. Horren ostean, onartutakoen eta baztertuen behin-betiko zerrenda argitaratuko da. Dena den, zerrenda horretan onartuta egoteak ez du esan nahi partzela zuzenean adjudikatu denik: partzelen adjudikazioa egiteko beste zozketa publiko bat egingo da, Sutegin (aurrerago jakinaraziko da zein egunetan izango den).

Oharra: Erabiltzaileek Agerreazpiko udal baratzeen elkartearen parte izan beharko dute: uko eginez gero, edo elkarteko betebeharrak ez egiteak partzela erabiltzeko eskubidea galtzea dakar.

 

Agerreazpiko baratze parkeak 10 urte bete ditu

Udal baratze parkeak hamar urte bete ditu aurten: bi aldiz esleitu dira partzelak orain arte, 2013an eta 2018an, eta aurtengoa, beraz, hirugarrena izango da. Aurrekoetan bezala, esleipenok ere bost urterako izango dira, 2028. urtera arte.