Elurra egiten segi dezake datozen orduotan

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 27a, 13:55

Elurte handirik espero ez den arren, abisu horian segiko dugu egun osoz.

Aspaldi ez bezala, elur maluta artean esnatu da herria astelehen honetan eta elurra egiten segi dezake datozen orduotan. Egun osoz abisu horian segiko dugu. "Elur-kota 0-100 m inguruan egongo da eta egun amaieran 200 m-ra igo daiteke", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. Halere, "prezipitazio txikia egingo du, egunaren erdialdeko orduetan ugariago". 

Gainerakoan, giro hotza. "Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin, bereziki egunaren lehen partean. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da, bereziki maximoak. Izotz txikia egingo du". Euskalmet-en arabera, astearte goizaldean 6:00-11:00 artean gutxi gorabehera, elurra egin dezake Usurbilen. "Zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Prezipitazio txikia egingo du, zenbait lekutan ertaina. Elur-kota 100-400 m inguruan egon daiteke. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da. Izotz txikia egingo du".

Asteazkenean ere elurra 100-300 metro artean egin dezake, baina askorik ez. "Zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da; arratsalde-gauean hodeiak gutxitu egingo dira. Egunaren lehen partean prezipitazio txikia egin dezake. Elur-kota 100-300 m inguruan egon daiteke. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da; goizean eta arratsaldean ipar-osagaikoa nagusituko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez eta maximoak gutxi igoko dira. Izotz txikia egingo du, bereziki barnealdean non handia egin dezakeen".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus