Gandiara ez, Usurbil K.E.-rekin Calellara udaberriko oporraldian

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 27a, 09:06

Toki faltagatik Valentziara ez, Bartzelona aldera joango dira Usurbil K.E.-koak apirilaren 6tik 9ra.

Hasiera batean Valentzia aldera joan asmo zuten, Gandiara zehazkiago esanda. Hantxe apirilaren 6tik 9ra jokatzekoa zuten “Mediterranean Handball Cup” eskubaloi txapelketan parte hartzeko bidaia antolatzen hasia zen Usurbil K.E. Deialdia infantil mailatik jubenil mailara arteko eskubaloi jokalariei zuzendua zegoen. Baina herriko eskubaloi taldeen bilgunetik jakinarazi dutenez, "bertako arduradunek adierazi digute ez dagoela talde guztientzat parte hartzeko tokirik".

Valentziara ezingo dute joan, beraz, baina bidaia alternatiboa proposatu dute dagoeneko. "Horren ordez, Calellara (Bartzelona) joatea erabaki dugu", ohartarazi du Usurbil K.E.-k. Honenbestez, Valentziako bidaiara joateko iragan ostiralera arte zabaldu zuten inskripzio epean izena eman zutenei zuzenduta antolatzaileek berri eman dutenez, "zuen baiezko aurreikuspenarekin kontatzen dugu. Horrela ez bada, Usurbil Kirol Elkarteko arduradunekin harremanetan jartzea gustatuko litzaiguke; baita bestelako arazorik egonez gero ere". 

Antolakuntzak zehaztu duenez, "prezioa eta txapelketaren egunak berdinak izango dira. Hau da, apirilak 6-9 artean jokatuko da". Pasa den astean berri eman zuten moduan, bidaia autobusez egingo da. "Gastuaren barne sartuko lirateke honako hauek: bidaiaren joan-etorria autobusean, hotela 3 dietak barne, txapelketako inskripzioa, erantzunkizun zibileko eta kirol asegurua". 

Bidaian izena eman dutenentzat argibide gehiago ematekoa da Usurbil K.E., ostegun honetarako, martxoaren 2rako, arratsaldeko 18:30etan Potxoenean deitu duen guraso bileran.