Udal zerbitzuak baliatzeko atari berria aurkeztu dute gaur. Honatx helbidea: erreserbak.usurbil.eus. Webgune berri honek Potxoenea eta Sutegiko aretoak hartzea erraztuko du martxoaren 1etik aurrera; zehazkiago esanda, Potxoeneko proiektore-gela, bilera-gela txikia, Urdintxo aretoa eta sotoa edota Sutegiko auditorioa eta erakustaretoa. Aurrerago gainerako udal lokalak ere bide telematiko honetatik erreserbatzeko aukera egongo da.
Aipatu atariak udal instalakuntzetan lekua hartzea erraztea du helburu "bertaratu beharrik izan gabe"; ordenagailu edo mugikor bidez. Gainera, erreserba bideratzerakoan aretook okupatuak dauden edo ez ikusteko aukera egongo da kolore ezberdinekin: "kolore berdearekin udal-langileek onespena eman badiote, eta kolore laranjarekin, udal-langileek aztertu zain badaude. Kolore laranjarekin -aztertu zain- geldituko dira, baita ere, asteburuetan egitekoak diren hitzorduak".
Aurrez erregistratu beharrik ez
Udal barnera begira ere egitekoak eraginkortuko dituela adierazi du Udalak web orri hau aurkezteko goizean Potxoenean egindako agerraldian, digitalizazioak orain arteko hainbat kudeaketa lan gutxitzea ekarriko baitu. Lan-tresna izango da beraz udal beharginentzat baita herritarrentzat ere.
Erreserbak martxoaren 1etik aurrera bideratu ahalko dira Udalaren enkarguz Codesyntax enpresak landutako online atari berri honen bidez. Modu ezin errazagoan gainera. Ez da izena eman edo erregistratu beharko, baina eskaera egiteko identifikaziorako eta erreserbarako zenbait datu idatzi beharko dira; besteak beste, hitzorduaren helburua edo gaia, zenbat lagunentzat izango den, hizkuntza edota aparteko baliabiderik beharko den zehaztu beharko da. Eskabidea eginda, "eskatzaileak mezu elektronikoa jasoko du, kode batekin lagunduta: eskaera aldatu nahi izanez gero, kode horrekin egin ahal izango du. Webgunearen orri nagusian, azpiko aldean, “kudeatu zure erreserba” atalean itsatsita".
"Konektatzen"
Esandakoa, erreserba edonork egin ahalko du, baina orain arte bezala, Usurbilen erroldatua egon edo ez aldea egongo da. Udalerri honetan erroldatua dagoenaren eskaera automatikoki onartuko da; hala ez bada, herrian erroldatuak ez daudenen edota enpresen eskabideak "aztertu zain" geldituko dira. Kasuotan, orain arte, eta aurrerantzean ere bai, "eskaerak talde edo elkarte batenak izanda ere, pertsona fisikoen izenean egin ohi dira, eta kasu horretan oharretan edo hitzorduaren helburuarekin batera adieraztea eskatu dute".
Egitasmoa Udalak legealdi honetan abiarazitako Konektatzen egitasmoan kokatu beharra dago. Izenak berak dioen moduan, Udalaren eta bere zerbitzuen digitalizazioa sustatzea du helburu. Bide horretan hainbat urrats eman ditu udal gobernu taldeak azken urteotan. Batetik, "Eskua" aplikazioaren bidez, espedienteak digitalizatzen aritu dira. Udal zerbitzuak herritarrei telematikoki eskaintzeko ahalegina ere egin dute. Erakundeen arteko datu-trukea ahalbidetzen duen NISAE nodoaren zerbitzuak ere baliatzen hasi da Udala. "Herritarrek hala baimenduz gero, udalak beste administrazioen datuak eskura ditzake, herritarrek udalera ekarri beharreko agiri kopurua murriztuz, eta, beraz, tramiteak erraztuz". Lizitazio elektronikorako kontratazio plataformaren erabilpenean ere urratsak eman dituzte.