"Euskal kantaririk miretsiena eta maitatuena, sasoi baten, geografia baten eta jendarte baten ispilu da Mikel Laboa. Ukaezinak dira tradizioa bereganatzeko zuen sena, transgresiorako kemena eta bere ahotsaren bidez komunitatearen mina katarsi bihurtzeko gaitasuna. Baina nola aurre egin xaman baten bizitza marrazteko erronkari? Jostaria eta apurtzailea zena ezin zurrun kontatu. Ohiko biografia moldeetatik ihesi, Laboaren kantuen izpiritua, aldartea eta umorea hartu dituzte egileek eleberri grafiko honetan bidelagun, errealitatearen errekako korronte geza irudimenaren itsasoko urekin nahasten den puntuan murgiltzeko gonbidapena eginez".
Hortxe "Ni ez naiz Mikel Laboa" sortze lanaren sinopsia. Lerrootara badakarkigu, ez da soilik protagonistagatik baita egileen artean herrikide bat dagoelako ere. Unai Iturriagarekin eta Harkaitz Canorekin batera lankidetzan aritu baita Joseba Larratxe. Berak aurkeztuko du hain zuzen argitalpen hau, ostiral honetan bertan, martxoaren 3an iluntzeko 19:00etan Sutegi udal liburutegian. "Josevisky marrazkilaria gurean izango da "Ni ez naiz Mikel Laboa" komikia nola gauzatu zen kontatzeko: sortze prozesua, bozetoak... eta sorpresatxoren bat. Ez galdu aukera!!!", egin digute gonbita Sutegitik.