NOAUA! K.E.-ren eskutik

Asteburuan ikusiena izan den "Irati", apirilaren 2an Sutegin

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 28a, 11:55

Estreinatu berri den "Irati" filma ikusteko aukera izango dugu apirilaren 2an Sutegin, NOAUA! Kultur Elkartearen eskutik.

Iragan ostiralean estreinatu zuten zinema-aretoetan "Irati", Paul Urkijoren bigarren film luzea. Dagoeneko markak hausten hasia da arabar zinemagilearen sortze lan hau. Asteburuan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zinemetan ikusiena izan den filma dela berri eman dute hedabideek, estatu mailan bigarren sortze lan ikusiena.

Edozein kasutan, oraindik "Irati"-ren nondik norakoak ezagutzeko asmoa duzuenok adi; NOAUA! Kultur Elkarteak Sutegira ekarriko baitu film hau apirilaren 2an. 19:00etan hasiko da proiekzioa. Sarrerak aurrerago izango dituzue eskuragarri usurbilkultura.eus plataforman, baita NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan ere. Bazkideek ohi bezala merkeago Bordaberri 3ko lokalean.

"Magia eta abenturazko bidaia"
Eneko Sagardoy, Itziar Ituño, Edurne Azkarate, Elena Uriz, Kepa Errasti, Nagore Aranburu, Iñaki Beraetxe, Ramon Agirre, Unax Hayden, Iñigo Aranbarri, Iosu Eguskiza edota Karlos Arguiñano bera protagonista dituen filmak "magia eta abenturazko bidaia" batera eramango gaitu. 2021eko udazkenean grabatu zuten Hego Euskal Herrian eta Huescan.

"Karlomagnoren armada Pirinioak sarraskitzen ari da, eta, hari aurre egiteko, ibarjaunak laguntza eske jotzen du bertako jainko zaharrengana, zeinak desagertzeko zorian baitaude kristautasunaren eraginez. Odolezko itun baten bitartez, ibarjaunak etsaia garaitzen du, trukean bizia emanda, baina lehenago, Eneko semeari hitzemanarazten dio ibarjaun zuzena izango dela. Urte batzuk beranduago, Eneko, jada heldua eta kristau fedean hezia, umetan egindako promesa betetzera doa; baina, orduan, aitaren gorpua, frankoei hartutako altxorrarekin batera lurperatu zutena, modu ulertezinean desagertzen da. Horrek zalantzan jartzen du haien leinua. Enekok berreskuratu egin beharko ditu bere patua betetzeko, eta horretarako ezinbestekoa izango du ibarreko gazte baten laguntza, Irati izeneko pagano batena. Bi gazteak oihan bitxi eta ilun batean murgilduko dira: bertan, diotenez, “izena duen guztia bada”.

Girotzen hasteko, Goya sarietarako 5 izendapen eta hainbat sari (ikus-entzuleenak) jaso dituen albiste honi atxikitako bideoan duzue film honen aurrerapentxoa. Informazio gehiago, hemen: iratifilm.com