Astelehenean botatako elurraren arrastoak mendialdean baino ez biharamun honetan. Atzo bezala, astearte goiz eta eguerdi parte honetan ere elurra egin zezakeela ohartarazia egon arren, azkenean ez da malutarik ikusi. Halere, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, askorik ez, baina asteazken goizalde honetan berriz egin dezake. Zero gradu inguruko tenperatura izango dugu, minus bikoa ere bai uneren batean. Euri txikia egingo duela ere iragarria du Euskalmet-ek, eta tarteka, gaur gauean zehar aipatu bezala, elur moduan.
Gurean ez baina Gipuzkoa barnealdean elurragatik abisu horiak indarrean segiko du astearte eta asteazken honetan. Egiten badu, 0-2 zentimetro artean pila daiteke 200 metrotan eta 1-4 zentimetro artean 600 metrotan gaur Euskalmet-en arabera; bihar, asteazkena, 0-1 zentimetro artean 200 metrotan, 0-2 zentimetro artean 600 metrotan.
Astearte honetan, gainerakoan, Usurbilen, "zerua oso hodeitsu egongo da eta noizbehinka euri txikia egingo du" aipatu moduan. Bihar, "zerua tarteka hodeitsu egongo da eta egunaren lehenengo partean noizbehinka euria egin dezake. Elur-kota 100-300 metro inguruan egongo da. Arratsaldean ipar-haizea ibiliko da. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira, maximoetan aldaketarik ez. Izotza egin lezake". Ostegunean ere "zerua oso hodeitsu egongo da. Noizbehinka euria egin dezake. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da. Tenperatura gutxi edo nahikoa igoko da". Goizaldean 6-7 graduko tenperatura izatea espero da, egunez asko jota 8 gradukoa. Hotz egingo du baina ez egunotan bezainbeste.
Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus