Gipuzkoako Foru Aldundiak finkatu ditu aurtengo errenta aitortzeko kanpainako datak. Apirilaren 3an emango zaio hasiera. Egun horretan zabalduko da aurrez jasotako autolikidazio proposamenak onartzeko epea, gerora zabalduko da Internet bidezko aurkezpenak bideratzeko epea baita errenta mekanizaturako hitzordua eskatu eta aitorpenak modalitate honetan aurkezteko tartea ere.
Gogoan izan; batetik, errenta euskaraz aitortzeko aukera izango dugula. Autolikidazio proposamena jasotzen duenak, telefonoz nahiz internet bidez onartzerakoan euskaraz egin nahi dela adierazi eta “aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu”. Internet bidezko modalitatean, “errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara hautatu. Aholkularitzaren bat aukeratzen baduzu, berariaz adierazi beharko duzu aitorpena euskaraz egin nahi duzula. Beste modu batean egiten baduzu, finantza erakunde batean esaterako, euskaraz egiteko eska dezakezu”. Errenta mekanizatuaren kasuan, hitzordua eskatzerakoan Ogasunarekin euskaraz harremandu nahi dela adierazi daiteke.
Adi baita NOAUA! K.E.-ren bazkideok; bazkidetzagatik hobaria aplikatuko zaizue errenta aitorpenean.
Datak
-Apirilak 3-ekainak 30: autolikidazio proposamenak onartzea.
-Apirilak 12-ekainak 30: Internet bidez aitorpenak aurkeztea.
-Apirilak 13-ekainak 8 (epea luzatu daiteke ordu libreak egonez gero): errenta mekanizaturako hitzordua eskatzea.
-Apirilak 17-ekainak 30: errenta mekanizatuaren aitorpena aurkeztea.
Informazio gehiago gipuzkoa.eus atarian.