Bi zikloei tartea egingo die martxoko agendak. Lehen hamabostaldian, Martxoaren 8ko deialdiei. Irekierara begira den Emakumeen Etxeari lotutako asanblada irekia eta sarrerak agortuak dituen bertso-bazkari batekin ekingo zaio ekimen hauei larunbat honetan bertan. Desaktibazio soziala hizpide hartuta, mahai-ingurua, elkarretaratzea eta performance berezi bat iragarri dute hilaren 8rako. Hitzordu sorta hau borobiltzeko, Hirusta Trioren kontzertu berezia martxoaren 11n Sutegin, Usurbilgo Euskal Kantu Taldekoen eskutik.
Bigarren zikloa, musikari loturikoa, martxoko azken asteetan helduko da. Hilaren 16tik 26ra 19. Soinurbil ekimena iragarri du Zumartek. Datei erreparatuz gero, ohi baino denbora tarte zabalagoan izango dira hitzorduok. Aurreko ediziora arte, astebeteko epean blaitu izan dute musikaz herria. Oraingoan ia bi asteko zikloa izango da. Ohi bezala, denetarik eta denontzako hitzorduak, aurrekoetan baino leku ezberdin gehiagotan; kalean, Sutegin, Salbatore Elizan, musika eskolan bertan edota baita Aginagako Eliza Zaharrean ere. Ez dira faltako elizako organoa ezagutzeko bisita gidatuak edota instrumentu honi lotutako kontzertua, Zumartek urtero beste eskola batekin egin ohi duen trukaketa (oraingoan Astigarragakoekin), baita noski, etxekoen emanaldia ere. Euskal Herriko soinu banda bat ere gonbidatu izan du urtero Zumartek Soinurbil ziklorako, oraingoan Nafarroako Caparrosoko taldea izango dugu bisitan. Habia taldearen "Hiru hari, hiru ahots" emanaldia, "Kiliklon Txorotxaranga" edota Orquesta Reusonicaren tailerra eta kontzertua iragarri ditu baita musika eskolak.
Laburbira herrikide batekin
Musika kontuak alboratuta, zineak ere tarte berezia izango du martxoko kultur agendan. Igande honetan, negu partean Usurbilgo Udalak Ziortza gazte elkartekoekin gaztetxoenentzat eskaini ohi duen euskarazko zine zikloari lotutako azken filma proiektatuko dute Sutegin: "Yuku eta Himalaiako lorea". Bi aste beranduago, martxoaren 19an, euskarazko film laburren Laburbira programatu du NOAUA! Kultur Elkarteak kultur-etxeko auditorio berean. Adi, ikus-entzunezko lanotako batean Jontxu Martinez aktore herrikideak parte hartu du. Bera eta "Erlojupekoa" film horren zuzendari Leire Egaña hitzorduan bertan izango ditugu. Bide batez, azken orduotan iragarri dizuegun moduan, apuntatu zuen agendetan; apirilaren 2an, NOAUA! K.E.-ren eskutik, "Irati" filma proiektatuko dugu Sutegin.
Kultur elkarte honi lotutako azken oharra; bazkideen urteko batzar nagusia, martxoaren 14an. Ez da asteotan Potxoenean egingo den bilkura bakarra izango. Batetik, LH 5 eta 6 mailetako multikirolen inguruan abian den hausnarketa prozesuko azken saioa hilaren 15ean izango da. Proposamen zehatzak landuko dituzte hitzordu honetan. Zaintzari lotutako hitzaldi zikloaren hurrengo saioa, aldiz, martxoaren 23an: "Ekofeminismotik zaintza ekosistema berriak eraikitzen" hizpide izango duena.
Bisitak
Sagarrondotik Sagardora ikastaro zikloari ere espazioa eskainiko dio Potxoeneak: "Fruitu arbolen udaberriko edo zotzeko txertaketa" martxoaren 10ean eta hilaren 17an "Sagastien neguko kimaketa, gaixotasunak eta tratamenduak". Inausketa praktikak Usurbilgo sagastietan egingo direla ohartarazi du antolakuntzak. Ez da irteera bakarra izango; batetik, martxoaren 5erako 50. urtemugara heldutako Zumetaren muralaren kontserbazio lanak zertan diren ezagutzeko bisita gidatua iragarri dute. Horrekin batera, Kalezarko Belmonte Auzo Elkarteak Aranerreka eta Kalexar inguruan ibilaldia antolatu dute. Ate irekien eguna baita martxoaren 9an Lanbide Eskolan.
Tarteka izaten diren deialdiei dagokienean, ez ahaztu; odol-ematea izango da martxoaren 6an. Hilabeteko azken ostiral eta larunbatean, aldiz, Sareren mobilizazioa eta kantu-jira.
Kirol hitzorduei dagokienean; astebururoko herriko taldeen neurketekin batera, Aginagako pala txapelketako jardunaldiak martxoan zehar. Hilabete amaieran, finala eta sari banaketa. Aginagatik mugitu gabe, bertatik abiatuko da Orian barrena Oriorantz, 29. Traineru Jaitsiera martxoaren 11n.
Ekimen hauei guztiei buruzko xehetasun gehiago, egunez egun, web orrialde honetako "Agenda" atalean.