#M28

Udal eta foru hauteskundeei begira

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 2a, 09:30

Datozen hauteskundeei lotutako deialdien egutegia kaleratu dute.

Maiatzaren 28an izango ditugun udal eta foru hauteskundeei begirako prozedura abian da. Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako ordezkariordetzak ostegun honetako, martxoaren 2ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu duen iragarkia horren lekuko. Herrialdeko barruti judizial ezberdinetan bilduak dauden udalerrietako biztanleria kopurua eta udalerri bakoitzari dagokion zinegotzi kopurua zenbatekoa den zehaztu du bertan. "Jarraian zerrendatzen dira, alfabetikoki eta barruti judizialetan bildurik Gipuzkoako udalerriak, bakoitzaren zuzenbideko biztanleria adieraziz 2022ko urtarrilaren 1eko dataz, Gobernuak onartutako azken zifra ofiziala eta baita udalerri bakoitzari dagokion zinegotzi kopurua ere". 

Erabaki honen aurrean, "Tokiko Korporazio interesdunak, alderdi politikoak eta partikularrak luzaezineko zazpi egun naturaleko epea izango dute erreklamazioak aurkeztu ahal izateko izendaturiko zinegotzi edo bokalen kopuruari buruz dagokion Estatistikako Institutu Nazionalaren Ordezkaritza Probintzialaren aurrean". 

Usurbil Donostiako barruti judizialean kokatua dago, beste 13 udalerriekin, Aduna, Astigarraga, Donostia, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Orio, Pasaia eta Urnietarekin batera. Iragarki honetako datuen arabera, udalerri honek 6.166 biztanle ditu eta orain arte bezala, 13 zinegotzi edo udal ordezkari izatea dagokio. 

Apiriletik aurrera
Ia hiru hilabete falta dira maiatzaren 28an izango ditugun udal eta foru hauteskundeetarako, baina prestaketak lehenago bideratu beharko dira noski. Gertaera garrantzitsuenen egutegia kaleratu du jada Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak:
-Apirilak 4: udal eta foru hauteskundeen deialdia argitaratuko dute.
-Apirilak 7: hauteskunde-batzordeen eraketa.
-Apirilak 4-24: hautesle-elkarte bat aurkezteko hautesleen sinadura bilketa.
-Apirilak 19-24: hautagai-zerrenden aurkezpena.
-Maiatzak 1: hautagai-zerrendak aldarrikatzea.
-Maiatzak 12-26: hauteskunde kanpaina.
-Maiatzak 28: bozketa-eguna.
-Maiatzak 31: hauteskundeetako emaitzen boto-kontaketa ofiziala.