Merkataritza eremuak hurbiltzeko lanetan

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 2a, 09:15

Sagardo eta Dema plazen bueltako merkataritza eremuen arteko loturak sendotu eta joan-etorriak errazteko hirigintza lanak egiten ari da udal brigada egunotan Askatasuna plazan.

Tokiko merkataritza sustatzeko hirigintza lanak egunotan herri erdigunean, Askatasuna eta Eguzkitzaldeako Sagardo plazak hurbiltzeko, gerturatzeko. Eskilarak eraikiko ditu udal brigadak hilabete honetan zehar, plaza batetik bestera. Hala jakinarazi du Usurbilgo Udalak. "Eskailerek bi plazen artean oinezkoen joan-etorria erraztu eta tokiko merkataritza sustatzea dute helburu". Modu horretan, inguruotako merkataritza eremu nagusien arteko lotura indartu nahi dute.  "Dema plazaren eta Zubiaurrenea kalearen inguruan daude herriguneko bi merkataritza eremu nagusi, baina eremuaren ezaugarri urbanistikoek bien arteko lotura oztopatzen dute. Hala, Askatasuna plazako eskailerek helburu horri erantzuten diote".

Zubiaurrenea kaleko ibilgailuentzako bi aparkaleku kenduko dituzte lanokin. Udalak ohartarazi duenez, aldiz, "Potxoenea aurrean bi berri sortu dituzte, beiraren edukiontzia lekuz aldatu, eta lurrazpiko edukiontziak kenduta".

Udaletik gogorarazi dutenez, "neurri hori bera Usurbilgo tokiko merkataritza eta ostalaritza zerbitzuak indarberritzeko planean jasoa dago, 2020an egin zen diagnostikoaren ostean proposatu zituzten ekintzen artean".

"Berritzeko beharra"
2009an egin zen hain zuzen sektore honetako plana estreinakoz. Legealdi hasiera honetan hasi ziren eguneratzen Usurbilgo Udala, Siadeco eta Hurbilago, "berritzeko beharra" ikusi zutelako. "Batetik, ordutik hainbat alorretan izan diren aldaketak behatu nahi izan zituzten (kontsumo ohituren aldaketa, Intenetez eta saltoki handietan kontsumitzeko joeraren gorakada). Bestetik, aurrera begira herri merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko zein bide jorra daitezkeen aztertu nahi zuten. Horrekin guztiarekin, gutxienez bost urterako ekintza plan bat zehaztu zuten, hainbat alorretan eragiteko proposamen zehatzak eginez".