#M8

Berraktibazioa, Martxoaren 8ko aldarria eta erronka

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 3a, 10:45

Berraktibatzea dute erronka nagusia, elkar zaintzatik, dituzten behar eta nahietatik abiatuta. Hortik ate joka dugun Martxoaren 8rako hautatu duten leloa; “emakumeak aktibatzean mundua pizten da”.

Osasun krisialdiak eragin duen lokartzetik esnatu asmoz, “aktibatzeko eta pizteko” bururatu zaio esaldia, Martxoaren 8ko ekimenak antolatu dituen taldeari. Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak antolatu duen Hirustra Trio taldekoen emanaldiarekin batera, bi ekintza egun prestatu dituzte M8 emakumeen taldeak. Bertan dira Kafe Tertuliako kideak edota Emakumeen Etxeko talde sustatzaileko partaideak ere.

Hasteko, irekierara begira den Kalezarko Pelaioenean kokatuko den Emakumeen Etxeari lotutako asanblada irekia egingo da larunbat honetan, martxoaren 4an. Orain arte jorratu den prozesua azalduko dute eta bilgune honetako kide izatera animatu asmo dituzte, “emakumeek jakin dezaten bere lekua dutela hemen”. Dinamikak egiteko bilgune bat eraiki nahi dute, baina baita elkarrekin egon, hausnartu eta harremantzeko espazio bat ere. “Emakumeok zer nahi dugun, zer behar dugun adierazteko, gu gustura, zainduta sentitzeko leku bat izatea”.

Bertan, emakume desberdinen arteko bilgunea sustatu nahi dute. “Gure taldean badaude beste lurraldeetako emakumeak ere herrian denbora daramatenak bizitzen. Beraiei ere entzuten egon gara. Haiek halako espazio bat izateko beharra oso argi adierazi dute”. Eta hala jaso dute baita, beste Emakumeen Etxeetara egin duten bisitetan ere. “Ikusi dugu zer mesedegarria izan den halako bilgune bat izatea. Hori nahi dugu guk ere herriko emakumeentzat”.

Jatorri anitzeko bilgune bat eraiki nahi dute, baita belaunaldiartekoa ere. Pandemia aurreko azken Martxoaren 8 hartan jorratu zuten belaunaldiartekotasuna da hain zuzen berreskuratu nahi dute aurtengo Emakumeen Egunean baita Pelaioenean sortuko duten espazioan ere. “Kafe Tertulia Usurbilgo neska* gazteen talde feministak denbora asko daramate lanketa asko egiten eta haiekin ere bat egin nahi dugu era naturalean”.


“Bultzada bat behar dugu”
Hau guztia antolatzekotan, “herritik sortu beharra dago”, aipatu digute. Etxekide izatera animatuko dituzte emakumeak larunbateko asanbladan. Horrez gain, espazioaren kudeaketaz ere jardungo dute, ez baita ahaztu behar, Kalezarko Belmonte auzo elkartearekin partekatu beharko dutela Pelaioenea.

Kalezarko erdigunean kokatuko den egoitza berria ez da soilik espazio fisiko bat izango, “talde bat dago etxe hau edukiz janzteko”. Lerrootako protagonistak kide dituen talde sustatzailea. Horregatik, lanak azken txanpan dauden honetan, “denon artean bultzada bat behar dugu, berriro elkartu eta elkarrekin bide bat egiten hasi”. Horren abiapuntu izatea nahi dute larunbateko asanblada irekia.

Parte hartzera animatzen dute. “Azaldu eta indarra hartzeko” egun gisa izendatua dute hain zuzen, hilaren 4ko hitzordua eta horren osteko bertso-bazkaria, gogoratzen duten moduan, “ez gaude eta une indartsu batean, edozein mugimendu sozialen antzera”.

Emakumeen Etxea, bateragunea
Are gehiago, pandemia aurreko Martxoaren 8 haiekin oroituz gero. Greba eta mobilizazio egunak izan ziren osasun krisialdi aurreko egun haiek. Inoiz ikusi gabeko irudiak eta mugimendua azaleratu zen bai herrian, baita mundu mailan ere. Usurbilen, belaunaldi ezberdinetako emakumeek planto egin zuten. “Oso polita izan zen. Sentimendu oso bizi eta politak eragin zituen ez bakarrik Usurbilen, mundu mailan baita ere”. Hortik hautatu zuten aldarria; “emakumeak geratzen badira, mundua geratzen da”. Egun haietan frontoian eginiko tailer eta bilkurez nahiz herrian barrena eginiko mobilizazio jendetsuez oroitzean, “irribarre bat ateratzen zaigu”, elkarrizketatuen esanetan. Egunotan ikusgai izango dituzue Sutegiko erakusleihoan orduko hainbat irudi.

Argi dute ordea; beste une bat da egun bizi duguna. Greba egun haietan, “emakumea geratzen bazen, horren munduan zer nolako eragina izango zuen” irudikatu nahi izan zuten. Orduko hartan, geratzeko deia egin bazuten, orain berriz mugitzera deitu nahi dituzte emakumeak. Une ezin aproposagoa deritzote, Emakumeen Etxea irekitzear den honetan. “Espero dugu etxe horrek guri ere laguntzea, urteotan jorratu diren bide guztiak hor bateratzea”. Erronka txikiak jarrita ekin nahi diote garai berri honi, kideen zaintza bermatuta eta nondik datozen aitortuta, nola gauden horretatik abiatuta. Eginbeharrak hor daude, beti bezala, baina “egin behar dugu? Egin nahi dugu? Eta horren aurrean, nola nago ni? Nola zaude zu? Nola gaude?”. Argi diote, “benetan zaintzen ikasi behar dugu, errespetatzen benetan ondokoa nola dagoen”.

Galdera hauek partekatzen aritu dira taldean, orain arte hitz egiten ez ziren gaiak izan direla nabarmendu digute eta mahaigaineratu ahala lasaitu ederra hartu dutela diote. “Garrantzitsua izan zen partekatzea”, azpimarratu dute. “Hitza jarri genion hor zegoen sentimendu bati”, arestian aipatu moduan, bizi dugun garaiari oso lotua dagoen “indar faltari”. Hitza jarri zioten bai, “jabetu gara nola gauden denok”. Askatze horrek eman die “doluaren atal guztiak” bizitzeko aukera.

“Komunitatetik lanean jarraitzea”
Prozesu hau barneratuta, “hortik ateratzea” geratzen zaiela orain adierazi digute, eta hain zuzen horixe da Martxoaren 8rako iragarri dituzten ekimenekin irudikatu nahi dutena. 2019 eta 2020ko M8an “kalera atera ginen, gogoa izan eta behar bat genuelako. Pandemiarekin bakoitza gure etxean sartu eta desagertu gara. Baina behar hori ez da desagertu. Orain hori berreskuratu behar dugu”. Argi dute halere, ez dela berehala beteko den erronka izango. “Oso erraza da aldaketa soziala ematen den unean ilusioa piztu eta denak altxatzea. Orain, ordea, asko sukaldatu beharko da berriz halako mobilizazio jendetsuak izateko”. Era berean ordea, hortxe kokatzen dute aurrera begirako lan-ildo nagusia, “komunitatetik lanean jarraitzea”. Emakumeen Etxeak etorkizunean egingo duen moduan, edota orain arte, besteak beste, Kafe Tertuliak urteotan egin izan duen bezalaxe. “Gazte mugimenduaren baitan geratu ez den eragile bakarra izan da. Desaktibazio orokorra eman denean, metaforikoki hitz eginda sugar bat egon da inoiz itzali ez dena, jende konprometituari esker, Emakumeen Etxearekin gutxi batzuk segi izan duten moduan. Orain berriz saiatuko da aktibazio hori pizten”.

Martxoaren 8an, lehenbizi, desaktibazio soziala hizpide duen UEU-ren solasaldi bat proiektatuko dute Sutegin eta honi buruz hausnartzeko aukera izango da kultur-etxeko auditorioan. Handik aterata, mobilizatzeko deia egin dute Mikel Laboa plazan. Elkarretaratzearekin batera, performance saio bat ere iragarri dute. “Gai hauek guztiak adieraziko dira”. Egun ezin aproposagoan deitzaileen esanetan, “Martxoaren 8a urteotan eman den aldaketa horren guztiaren oso erakusle ona izan baita”.