Aurrerantzean, herriko bizitzaren kudeaketak euskarri berri bat izango du; Usurbilgo Kulturgunea Udalarekin batera eragileentzat garatzen ari den egutegi digitala. Bertan herrian zer dagoen kontsultatu eta Usurbilen urtean zehar izango ditugun hitzorduak kokatuko dituzte. “Egutegi digital hori antolatzaile diren herriko eragileek erabiltzea nahi luke Kulturguneak, ekintzen antolaketa errazteko tresna izan daitekeelako”, Kulturgunetik aditzera eman dutenez. Baliabide honen erabilera sustatuta, une jakinetan izan ohi den ekintzen pilaketa saihestu edota eragileen arteko lankidetzarako esparrua zabaldu nahi dute. “Eragileen arteko sinergiak sorrarazi nahi dira, ekintzak antolatzeko eta berauetan parte hartzeko”.
Egutegi erabilterraza dela nabarmendu dute Kulturgunetik. Zer eta noiz dagoen kontsultatu eta “behin-behineko data zehaztu ondoren, oso modu errazean erreserba daiteke eguna egutegi digitalean. Galdetegi bat besterik ez da erantzun behar”. Tresna berri honek modu egokian funtziona dezan, garrantzitsutzat jotzen dute “eragileen inplikazioa eta eskuartean dituen ekintza-asmoen berri ahalik eta azkarren helaraztea, egutegian zintzilikatu ahal izateko. Modu horretan, urrats esanguratsuak egin genitzake ekintzak herri ikuskera baten baitan antolatzeko”. Kulturgunearen berri jaso nahiz egutegi digitalerako sarbidea eskuratzeko usurbilgokulturgunea@gmail.com helbidera idatzi daiteke.
Sortzaileen katalogoa
Ekimenak proposatu eta antolatzeari dagokionean, zenbait proposamen landu ditu gainera Kulturguneak: urtean zehar kultur adierazpide desberdinen eskaintza bermatu eta orekatzea; euskarazko ekintzak lehenestea; herriko sortzaileak kontuan izan eta zaintzea; emakumezkoen sortzaileen presentzia sustatzea; egindakoaren berri zabaltzea, “ahalik eta lagun gehienek goza dezaten programatzen dugunaz”; herri nahiz auzoetako plazak erabiltzea; belaunaldiartekotasuna lantzeko aukera aztertu eta transmisio-gaiak gogoan izatea; edota beharrezko udal baliabideak erabiltzea. Eragileen bidelagun izan nahi du Kulturguneak eta aurrera begirako bi erronka plazaratu ditu. Batetik, herri eragileak sare sozialetan Kulturgunea etiketatu edo aipatzera gonbidatzen ditu antolaturiko ekimenen berri gehiago hedatzeko. Azkenik, antolatzaileen esku utziko duten herriko sortzaileen katalogoa osatu asmo dute.