Eragozpenak ikusgarri egin eta ezabatzeko lanean

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 7a, 10:16

Argazkiak: Eskola Kirola.

Sentsibilizazio saio berezia izan zuten iragan larunbatean, LH 5. eta 6. mailetako Eskola Kiroleko parte hartzaileek.

LH 5 eta 6 mailetan Eskola Kirolean parte hartzen ari diren gaztetxoen irudi bilduma duzue ondokoa. Haien ohiko jardunean etenaldi bat egin zuten iragan larunbatean, martxoaren 4an. "Gaur LH 5 eta 6ko eskola kiroleko haurrekin kirol egokituko sentsibilizazio saioa izan dugu", berri eman diote NOAUA!ri ekimen honen sustatzaileek.

Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko kideekin hainbat jardueretan parte hartzeko aukera izan zuten gaztetxo hauek. Aipatu federazioak "desgaitasuna duten pertsonei kirola egiteko aukera bermatu nahi die, bidean dauden oztopoak ikusaraziz eta ezabatuz, kirol praktika eta kirolaren bitarteko inklusio soziala sustatuz". Horretara dator, abian duten kirolbarrerak.eus kanpaina. "Kirola egin nahi duten pertsonek eguneroko bizitzan aurkitu ditzaketen oztopoak desagerrarazi nahi ditu". Horretarako herritarren laguntza jaso nahi dute, "dagoneneko kirol barrerak kendu dituzten espazioak edota oraindik hobetu beharra daukaten espazio haiek ikusarazteko". 

Denetariko barrerez ari dira: barrera mentalez, fisikoez, prestakuntzari nahiz kirola hautatzeari lotutakoez, egokitutako zentroak aurkitzeaz, komunikazioaz, barrera ekonomikoaz, garraio publikoaren erabileraz, sostenguaz...

Multikirolen hausnarketa
LH 5 eta 6 mailetako ikasleez ari garela, gogoan izan; martxoaren 15ean, 18:30etan Potxoenean bi maila hauetako multikirolen inguruan abian den hausnarketa prozesuko hirugarren eta azken saioa. "Usurbilen LH5-6 mailetan egiten den multikirola aztergai da azken asteotan. Eredu desberdinak eta ikasleek erantzundako galdetegien emaitzak aztertu ostean, proposamen zehatzak landuko dituzte hirugarren lan saio honetan".