EAJ-PNV: “Plan Orokor berriak alde batera uzten ditu usurbildarren arazoak eta beharrak”

Erredakzioa 2023ko mar. 8a, 08:00

Hiria Antolatzeko Plan Orokorra (HAPO) hasieraz onartu zen iazko urriaren 13ko ezohiko udalbatzarrean. Otsailaren 28ra arte egon zen jendaurrean  eta epe horretan EAJk zortzi alegazio eta hainbat eskaera aurkeztu ditu. Tartean, hauxe: industria eta teknologiarako eremu berri bat sortzea Luzuriaga parean, N-636 eta GI-41 errepideen artean.

Eremu urbanistikoen artean jarraipenik ez dagoela dio EAJk, eta Iartzako eremua jartzen du adibide gisa: “irla bat osatu da, nahiz eta herrigunetik oso gertu egon”.

HAPOan Aginagarako jaso den proposamenean irregulartasun zantzuak egon daitezkeela iradokitzen du alderdi jeltzaleak: “Elutx eta Ezpaldi artean dagoen landa-lurra ez da urbanizagarria, haustura dakar eta zatituta geratzen da”.

 

Lurzoru urbanizagarrien premia

Etorkizuneko beharrei aurre egiteko inongo planifikaziorik ez dela salatzen du. “Hau garbi ikusten da herrigunean, Santuenean eta proposatutako industria guneetan”, dio EAJk.

Zubietaren kasuan, ekipamenduen arloan zehaztasunik ez dagoela dio. “Etxebizitza kolektiboak modu isolatuan agertzen dira, inguruarekin inongo loturarik gabe, Errota eta Errotabide kasu”. Honengatik guztiagatik, “lurzoru urbanizagarriak zabaltzea eskatzen dugu, zentzuzko jarraikortasun batekin”.

 

USURBILGO EAJ-PNV

“Plan berria lurzorua sailkatzeko eta antolatzeko tresna hutsa da, interes orokorrak eta kolektibitatearen arazoak zein beharrak alde batera utzita”

 

Aparkalekuen falta

Lurzoru urbanizagarri gisa sailkatzen den azalera oso eskasa dela uste du alderdi jeltzaleak. “HAPOak datozen 20 urteetako beharrei erantzun beharko dienez”, eremu bakoitzaren ezaugarrien arabera “tipologia desberdineko etxebizitzak eraikitzeko aukera izatea eta etxebizitza kolektiboak planteatzen diren tokietan eraikigarritasuna gehitzea eskatzen dugu, lurzoruaren zentzuzko erabilerarekin”. Era berean, aparkaleku faltaren aurrean planak ez duela erantzun argirik dio EAJk, “eta merkataritzaren beharrei erantzuteko aparkalekuak eraiki behar dira”.

 

Auzoen arteko komunikazioa

EAJ-PNVk gabezia gehiago ikusi dizkio HAPOari. “Plan orokor honek ez du auzoen arteko komunikazioan konponbiderik eskaintzen”. Herrigunea iparraldera zabaltzen ari dela eta herrirako sarrera-irteera berririk ez dela aurreikusten dio. “Honen adibide da Ugartondoko eraikuntzaren ondorioz Troiako bideak jasaten duen trafikoa. Trazadura ez dago egokituta izan duen trafiko gehikuntzarako eta oinezkoak ere bertatik pasatzen dira. Bide berriak egiteko lur erreserba falta da”.      

 

“Hirigintza garapen berriek sarbide berri bat eskatzen dute”

Halaber, Etxealdia auzoarentzako egin den planeamenduarekin ez dator bat EAJ. “Ez du aprobetxatzen Kale Nagusiari jarraipena emateko dagoen aukera paregabea, auzoaren eta herrigunearen lotura ahalbidetuz. Usurbilgo sarrera nagusia da eta utzikeriazko itxura du”. Txaramuntorekiko loturarik ez dela planteatzen dio EAJk. “Eta tokiko bide-segurtasuna nabarmen hobetzeaz gain, auzo osorako irisgarritasuna eta kalitatezko ekipamenduak eskaini beharko lirateke”.

Honekin guztiarekin batera, Usurbilek sarbide nagusi berri baten premia duela uste du EAJk: “aurreikusi diren eremu berrien beharrak, Artzabal, Ugartondo, Olarriondo, Zaintza… Ez baitira egungo bide-azpiegiturekin asetzen”.

 

Jarduera ekonomikoa sustatzeko proposamena

EAJren lehentasunen artean ere badira jarduera ekonomikoa bultzatzea eta lanpostu berriak sortzea. “Zapategi eramuaz aparte, HAPOak ez du industriarako lur berririk proposatzen datozen urteei begira eta honen aurrean industria,  enpresa eta teknologia parkeen erabilera mistoko eremu bat sortzea proposatzen dugu Luzuriaga parean, N-636 eta GI-11 errepideen artean”.

 

Lehen sektoreari begira

Jeltzaleek nekazaritza eta abeltzaintza arloko industria berriak baimentzea defendatzen dute. Planak balio estrategiko handiko nekazaritza eta abeltzaintza lurrak izendapenean jasotzen dituen haietan. Halaber arrantzara lotutako industria berriak ere baimentzea erregistratu dute, “tradizio handiko industria izanik, batez ere Aginagan”.

Lursail pribatuetan landa eremuko jarduerak aurrera eramateko beharrezkoak diren pistak eta bideak eraiki ahal izateko baimenak erraztea ere eskatu du Usurbilgo EAJk, eta berdin energia berriztagarriak jartzeko garaian ere.