Berraktibaziorako egun gisa izendatua du gaurkoa Usurbilgo mugimendu feministak. Hala plazaratuko du lehenbizi mahainguru baten bidez Sutegin, eta mobilizazio eta performance banarekin segidan Mikel Laboa plazan. Gogora ekarri nahi ditu bide batez, pandemia aurreko Martxoak 8 historiko haiek. Sutegiko erakusleihoan dituzue urte haietako irudiak, baita herriko saltokietan ere.
Gogora dezagun; 2018 eta 2019 urteetan planto egin zuten emakumeek, greba eguna izendatu zen Martxoaren 8a. Zaintzaren gaia erdigunean kokatu eta hausnartu eta partekatzeko gunea osatu zuten. "Greba bizitzako eremu guztietan kokatu dugu lanaren kontzeptua eraldatzeko", zioten 2019ko manifestazio amaieran irakurri zuten manifestuak. Mundu mailako greba deialdiarekin bat egin zuten baita Usurbilgo emakumeek. Ikasleak, enplegua, pentsiodunak, kontsumoa eta zaintza, bost ardatz hauetan egituratu zuten greba egun hura.
Inoiz ikusi gabeko mugimendua plazaratu zuten bi urte haietako Martxoaren 8 haiek, baita 2020koak ere. "Guztion artean Usurbil feminista bat eraiki dezagun! Usurbilgo emakumeok ere aske izan nahi dugulako!", aldarrikatu zuten egun hartako manifestazioaren amaieran. Mobilizazio jendetsuek zeharkatu zuten herria urte haietan. 2018tik aurrerako Martxoaren 8 hauetako hainbat une gogoangarri bildu genituen bideo hauetan.
2022
2021
2020
2019
2018