"Eta zu, seguru sentitzen al zara Usurbilgo kale guztietan?". Galdera hau abiapuntu gisa hartuta, Kafe Tertulia Usurbilgo neska* gazteen talde feministak "argitasun ezagatik, kalearen luzeeragatik, irtenbiderik ez dagoelako edo bestelako arrazoiengatik emakumeen aurkako indarkeria egoerak sortzeko arriskua handiagoa den kale eta txokoak" identifikatzen aritu dira hilabeteotan.
Guztira "zaurgarriago sentiarazten gaituzten" hamabi puntu seinalatu dituzte Usurbilen: besteak beste, Zubietako bidea, Troia ingurua eta handik Kalezarrera igotzeko aldapa, baita auzo berera autobus geltokitik dauden eskailerak. Kaxkoan, anbulatorio ingurua eta Gaztañagatik Kiroldegira igotzeko bidea, tren geltoki ingurua eta hara jaitsi nahiz bertatik igotzeko San Esteban kalea, Santueneko bidea edota Urdaiagara igotzeko bidea. "Garrantzitsua da leku hauek eraberritzetik zaurgarritasun egoera hauei konponbidea ematea, denok askatasunez erabili nahi ditugun kaleak, denen segurtasuna bermatzen den modu justu batean eraikiz", zioten Kafe Tertuliako kideek egitasmo hau abiarazi zutenean.
Puntu guztiok seinalatzeko arrazoiak ere plazaratu ditu Kafe Tertuliak, herrian jarri dituzten karteletan ikus dezakezuenez.
Identifikatutako puntuak
-Kalezarko aldapa: ez dago irtenbiderik, argiztapen falta.
-Anbulategi ingurua: kotxe asko, argi gutxi, irtenbiderik ez.
-Troiako aldapa eta Zubietara joateko bidea: argiztapen gutxi. Bakartua.
-Gaztainaga eta Kiroldegiaren arteko aldapa: argiztapen eta irtenbide gutxi. Laguntza eskatzeko etxebizitza gutxi inguruan.
-San Esteban eta bertara igotzeko aldapa: argiztapen falta.
-Kalezarko autobus geltokitik auzora igotzeko bidea: bakartua.
-Tren geltokia eta San Esteban kalea: argi gutxi. Bakartua.