#M8

Ahalduntze eskolen onura osasuntsuak agerian

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 8a, 08:20

Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia.

Ahalduntze eskoletan bideratzen diren prozesuak osasunerako eta autoestimurako onuragarriak dira bertan parte hartzen duten emakumeentzat. Hala ondorioztatu du Pepa Bojó psikoterapeutak Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat eginiko "Grupos de empoderamiento de Gipuzkoa: motivación para participar y cambios reseñables" txostenak.

Besteak beste, duela dozena bat urtetik Usurbilen abian diren ahalduntze eskoletatik bildutako datuekin osatu du lan hau Bojók. Urteak darama herri honetan ahalduntze saioak bideratzen. Horregatik, dioenez, "garrantzitsua da gainerako erakundeei eta eragileei jakinaraztea zer lan egiten duten udalerriek eskoletan, nola lan egiten duten eta zer eragin duten emakumeen bizitzan, eta halakoetan parte hartzen duten emakumeen prozesuak nolakoak diren ikusaraztea". 

Hala, 2018ko martxotik 2019ko ekainera bitartean bilgune hauetan parte hartu duten 115 emakumeren gogoetak bildu ditu aipatu psikoterapeutak Usurbilen eta beste zazpi udalerriotan; Arrasaten, Azpeitian, Oñatin, Tolosan, Trintxerpen, Urnietan eta Zarautzen.

Osasuna motibazio
Emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko, osasunerako nahiz autoestimurako zer nolako onurak dituen nabarmentzen du aipatu txostenak. "Azterlanak maila pertsonalean eta harremanen mailan izan zituzten aldaketak jorratzen ditu, ahalduntze kolektiboan izandako aldaketak aztertu gabe, nahiz eta horiek egiaztagarriak eta agerikoak izan kasu askotan".

40-69 urte arteko emakumeak dira nagusiki ahalduntze saioetan parte hartzen dutenak. Joera ordea zertxobait aldatzen doa; 40tik beherako nahiz 70 urtetik gorako emakumeen presentzia areagotzen doa. Emakumeok ahalduntze saioetan parte hartzera zerk bultzatzen duen behatu du Bojók. "Laginean parte hartu duten emakumeen herenek baino zertxobait gehiagok (% 34,3) adierazi dute osasuna dela ikastaroetan parte hartzeko arrazoi nagusia, eta besteen aurretik nabarmendutako arrazoia da hori; ondotik datoz «ohiko ingurunetik irtetea eta beste emakume batzuekin harremanak izatea» (% 24), feminismoan sakontzea eta emakumeen errealitatea ezagutzea (% 20,6), prestakuntza jasotzea (% 9,8) eta bestelako arrazoi batzuk (% 11,3)".

Ikastaro hauek emakumeon artean utzi duten arrastoa ere begi bistakoa da. "% 42,2k adierazi zuten prozesuak burututakoan egoera emozionalak kudeatzen ikasi zutela; % 31,4k beren autoestimua hobetu zela aipatu zuten; eta % 22,9k, berriz, sintomak murriztu zirela". 

Gai honi buruzko xehetasunak datorren asteko NOAUA!n. Pepa Bojóren ikerlaneko emaitzak esteka honetan irakur ditzakezue: ahalduntze prozesuei buruzko ikerlana