#M8

"Gaurko eguna zure eskubide berak edukitzea aldarrikatzeko da"

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 8a, 16:36

Hala adierazi dute Udarregi ikastolako DBH-ko ikasleek, Martxoaren 8aren harira herrian barrena egin duten manifestazioaren amaieran.

Belaunaldi gazteenak hartu du plaza eguerdian, Martxoaren 8 honetan; Udarregi ikastolako DBH-ko ikasleek hain zuzen. Mezu aldarrikatzaile ezberdinak eskuartean hartuta, ikastolatik abiatuta herrian barrena manifestazioa egin dute eta amaieran, frontoian landu duten manifestua plazaratu dute. "Gutun irekia" idatzi eta irakurri dute, "egun hau beharrezko ikusten ez duzun horri" zuzendua. Segidan duzue osorik.

Erakusleihoak
Ez dira Martxoaren 8 honi begira ekimenik egin duten ikasle bakarrak izan. Adi herriko erakusleihoei. LH-ko ikasleek, "lanketa ederra egin dute eta beraien lanak herriko erakuslehioetan ikusgai izango ditugu aste honetan", berri eman dute ikastolatik. Xehetasunetan sartuta adierazi dutenez, "jakin-minak eraginda, etorkizuna eraikitzen aritu dira emakume asko historian zehar. Bere indarra, ideia berriei eta aurkikuntzei esker, gizartea poliki-poliki eraldatzen joan da. Ezagutzen al dituzue? Plazida Otaño, Coco Chanel, Gertrude Ederle, Junko Tabei,...".


M8 ALDARRIKAPENA
Gutun irekia egun hau beharrezko ikusten ez duzun horri:

Gaurko eguna ez da emakumeok zu baino gehiago garela adierazteko.
Gaurko eguna ez da zu soberan sentiarazteko egun bat.
Gaurko eguna ez da zu gorrotatzeko eguna.

Gaurko eguna zure eskubide berak edukitzea aldarrikatzeko da.
Gaurko eguna munduan biontzat lekua dagoela esateko da.
Gaurko eguna berdintasunaren behar hori azpimarratzeko da.

Emakumeok geldirik bagaude mundua geldirik dago, emakumeok aktibatzean mundua pizten da. Zure eta nire mundua.