M8 irakurketa
Ezin esan noiz elkartu ote ziren emakumeak lehenengoz. Ziurrenik, gizakia sortzearekin batera batu ginen, elkarrekin biziraupen pertsonal eta kolektiborako aukera gehiago ditugulako.
Gerora, lehenengo feministak elkartu ziren, emakume izateagatik zapalduak izatearen kontzientziaz bildu zirelako. Eta geroztik, ez gara sekula geratu. Izan klandestinitatean edo ez, haria ez da inoiz eten.
Fokua, orain, ez dago biziraupenean soilik. Hiritar oso izan eta osotasunez garatzeko eskubidea dugu, eta horretarako beharrezko zaizkigun baldintza guztiak eskatzen ditugu. Emakumeon Eskubideak Giza Eskubideak direlako, eta gure gizartean oraindik bermaturik ez daudelako.
Jada biziraupenaz haratago gure garapen osoaren, askearen eta ongizatearen alde borrokan gabiltzan arren, bizitza bera oraindik bermaturik gabe dugu.
Euskal Herrian ere oraindik hiltzen gaituztelako.
Batez ere familian edo inguruko ezagunen artean jasaten dugun Indarkeria sexualak, bizitzak lapurtzen dizkigulako.
Lehenengo feministek piztu zuten sua, gizarte honetan emakume izateak dakarren zapalkuntza eta indarkeriaz jabetu zirelako. Eta geroztik, sua elikatzen jarraitu dugu.
Garaiak aldatu dira, baina patriarkatuak modu berriak bilatu ditu beti, emakumeok menderatzen gaituen sistema hau sostengatu, justifikatu eta erreproduzitzeko. Gainera, geroz eta era sutilagoan ematen da zapalkuntza hau, gure errealitatea ikustaraztea zailduz. Baina, ikusi nahi ez duenak, genero indarkeria datuak begiratu besterik ez du, gaur egun oraindik emakume izatea arrisku faktorea dela egiaztatzeko.
Borroka feministak gaur egun zentzurik ez duela saldu nahi diguten bitartean, jada pareko izango bagina bezala, menderakuntza sistema hau errotik erauzi eta ikustarazte bidean jarraitzen dugu guk.
Feminismoaren ibilbide historiko honetan, gure garaia ere iritsi zen duela urte batzuk, eta neska gazteok elkartu egin ginen. Gure errealitateaz eta beharrez hitz egin, elkarren babesa eta zaintza jaso, eta borrokan jarraitzeko.
Eta horrela iritsi ginen 2019ko martxoaren 8ra. Mundu guztiko feministok urteetan zehar elikatutako lanak izugarrizko sutea piztu zuen urte hartan. Adin ezberdinetako emakumeok batu ginen egun handi hura antolatzeko. Eta Martxoaren 8 hartan, intergenerazionalki saretzen jarraitu genuen, elkarren beharra dugula ikusi eta elkarrengandik ikasteaz gozatuz.
Indar erakustaldi ederra izan zen barrura eta kanpora begira. Motibazio dosi izugarria. Herrian mugimendu handia eman zen, Emakumeon bizitzak eta gure borroka garrantzitsuak direla erakutsiz. Eta oso babestuta sentitu ginen. Feminismoak, gizartean merezi duen erdigunea hartu zuelako egun horretan. Eta, hau guztia, ordurarte egindako lan guztiari esker izan zen posible.
2020ko matxoaren 8an justu justu atera ginen kalera. Gero, etxean sartu gintuztelako,
gure manifestazioen erruz noski. Eta pandemian zehar, desaktibazio sozialak hoztu egin gintuen orokorrean. Baina itxialdiak ere ez zuen sugarra itzaltzea lortu. Neska gazteok, internet bidez ere biltzen jarraitu genuen. Itxialdia amaitu eta giroa baju egon arren, herriko emakume batzuk Emakume Etxearen alde lanean jarraitu zuten; ereindako haziak landare bilakatzen jarraituz.
Aurtengo martxoaren 8rako berriro bildu eta azken urteetako bilakaeraren hausnarketa egin genuen. Eta, dolu eta tristurari lekua egin orduko, ilusioz piztu ginen berriz. “Emakumeak geratzean mundua geratzen da” lematik, “emakumeak aktibatzean mundua pizten da” lema aldarrikatu genuen. Ereiten, elkartuz, komunitatetik eraginez jarraitzen dugu sugarra piztuta mantentzen, eta horrek ekarriko ditu exijitzen ditugun hobekuntzak, orain arte, egin dugun eta historikoki egin duten lanari esker izan den bezala.
Sugarra piztuta mantendu dugu, baina berriz ere su bihurtu dadin, egurra, hauspotzea, zaintza... behar ditu. Eta, horretarako, ondorengo gonbidapena luzatu nahi dugu: orain da momentua. Herrian emakume asko gaude interesez, gogoz. Baliabide oso potentea den etxe bat bidean daukagu, bakoitzaren beharretara egokitzen diren espazio seguruak ahalbideratuz. Pertsonalki eta talde bezala ahalduntzeko. Gure burua zalantzan jartzeko. Elkarrengandik ikasi eta gozatzeko. Gure artean harremandu eta elkar babestuz, helburu pertsonal eta kolektiboen alde egiteko. Eta, noski, emakume garela ospatzeko.
Heldu diezaiogun barruan pizten zaigun indar honi, elkarrekin saretu eta gure errealitateak hobetzen jarraitzeko.
Emakumeak aktibatzean, mundua pizten delako.
Eta, sua geroz eta handiago, jende gehiago goxatuko duelako.