Foru Aldundia: "N-634 errepideko lanak ekainera arte luzatuko dira"

Erredakzioa 2023ko mar. 9a, 10:44

Urte hasieratik errei bat itxia dute N-634 errepidean, Txikierdi inguruan. Errepidearen eta trenbidearen arteko horma sendotzeko lanak amaitu dituzten arren, "alboko zatiak antzeko patologiak dituela ikusi da eta beharrezkotzat jotzen da horma zati hori ere sendotzea". Maiatzaren 31era arte luzatuko dira lanak eta semaforo bidez arautuko dute N-634 errepideko trafikoa.

Foru Aldundiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, "martxoaren 3an, amaitutzat eman ziren N-634 errepidearen oin-horma sendotzeko obrak, 1,715 eta 1,792 KPen artean, Usurbilgo udal-mugartean. Hala ere, obra horiek egin bitartean, horma sendotuaren alboko zatiak antzeko patologiak dituela ikusi zen, eta, beraz, beharrezkotzat jotzen da hormaren sendotzea Donostiarantz luzatzea".

40 metro luze eta 3 metro garai den horma sendotzeko, hormigoizko zapata baten bidez azpiak berrituko dira eta proiektatutako hormigoizko geruza bikoitza jarriko da.

 

Maiatzaren 31era arte, errei bat itxita 

Gauzak horrela, "Donostiarako noranzkoko erreia maiatzaren 31era arte itxiko da". Zirkulazioa noranzko bakarrekoa izango da eta orain arte bezala, semaforo bidez antolatuko da trafikoa, txandakako sisteman. "Sor litezkeen trafiko handiko aldietan, seinaleztatzeko langileen laguntza egongo da", Aldundiak prentsa-ohar bidez jakinarazi duenez.