#M8

Hirusta Trioren emanaldia larunbatean

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 10a, 10:01

Margarita Lorenzo de Reizabal (musikaria, piano jolea eta proiektu honen sortzailea), Julene Zenikazelaia Garai (literatur eta komunikazio arloen arduraduna) eta Garbiñe Abendaño Olabarri (ahotsa) edo Hirusta Trio taldeak borobilduko du Martxoaren 8ra begira Usurbilen antolatu diren ekimenen zikloa. Euskal Kantu Taldekoen eskutik etorriko dira gure artera. Martxoaren 11n larunbata, 19:00etan Sutegin eskainiko duten “Matrioshka baten geografia soinuduna” emanaldia ezohikoa izango dela aurreratu digute hiru sortzaileek.

NOAUA! Hiru zenbakiak garrantzia nabarmena du zuen taldean, ezta?
Julene Zenikazelaia: Gure erdigunea Leioako Doniene abesbatza da. Zuzendaria Garbiñe da eta Margarita gure pianojole maitea. Bera izan zen gu hirurok elkartzearen ideia 2018an. Gure azkeneko proiektuaren ideia berarena da. Hirusta izena jarri genion taldeari, eta zortearen konnotazioa du. Egungoaren aurretik, Miren Agur Meaberen poema batean oinarrituriko “amodiozko tintontziak ote gara?” proiektua landu genuen. Pandemiagatik etenda geratu zen, gero berrekin genion gure eginkizunari.

Bigarren proiektua dakarkizue Sutegira. Biek ordea lotune bera dute, emakumea?
Margarita Lorenzo de Reizabal: Matrioshken antzera, emakumeak polifazetikoak gara; amak, bidelagunak, lagunak, maitaleak... gara. Hirurak ibilbide pertsonal luzekoak eta esperiantzidunak. Emakumeak barrutik, kanpotik nolakoak garen erakutsi nahi dugu. Ertz horiek guztiak islatzen dituzte emanaldiko arte diziplinek.

Nola uztartzen da arte diziplina bakoitza zuen emanaldietan?
Garbiñe Abendaño Olabarri: Ikuskizun gutxi daude egun elementu bakarrarekin liluratu dezaketenak. Gure emanaldietako elementu bakoitzak bata bestea indartu eta ikuskizuna osatzen du.
J.Z.: Ahotsa, musika eta olerkia uztartzen ditu, baita alde estetikoa ere ikus-entzunezkoekin, emakume gazte islandiar baten laguntzaz.
M.L.R.: Etorkizunean ahal balitz, norbaitek dantza egin eta arte diziplina guztiak ikuskizun multimedia batean txertatzea litzateke erronka.

Matrioshka batek irudikatzen du aurkeztuko diguzuen emanaldia. Nolatan?
M.L.R.: Ukrainako gerraren harira. Ukrainako eta Errusiako emakumeek amankomunean zutena ikertzerakoan atera zen matrioshkaren irudia. Emakumeak izan behar luke elementu kohesionatzailea. Jatorria edozein izanda ere berdin sentitzen dugu. Ze pena, interes berak izanda borrokatu beharra izatea. Kontzertuan zehar matrioshka bat aurkezten dugu. Julene, irekitzen doa bat bestearen atzetik, poema bakoitzaren ostean. Matrioshka da kontzertuaren ikurra.


“Hirugarren adinean gaudenoi ere ahotsa eman behar digute”
NOAUA! Nola nahiko zenukete ikus-entzuleak zuen emanaldira jasotzea?
J.Z.: Ikuspegi zabal eta parte hartzailearekin. Publikoarekin harreman zuzen bat eraikitzen saiatzen gara. Emanaldi bukaerako esaldiak laburbiltzen du hau guztia ondoen: jendeak ahaztuko du esan edo egin duzuna, baina inoiz ez du ahaztuko nola sentiarazi duzun. Ondo pasako dute.
M.L.R.: Mundua gazteena dela uste dute askok, eta hala dela uste dut. Baina dugun bizi esperientziagatik hirugarren
adin eder honen bueltan gaudenoi ahotsa eman behar digutela uste dut. Zertarako balio digu bidean ikasi dugun guztiak, gero hausnarketa horiek atzetik datozenei utzi ezin badizkiegu?
G.A.O.: Publikoa ere aztertu beharra dago. Gazteak ez dira topaketa klasiko hauetara hurbiltzen.
M.L.R.: Gazte jendea faltan botatzen dugu baina ezin dugu lehiatu egungo sare sozialen munduarekin. Halere aukerak eskaini behar zaizkie.

Adinkeria nola islatzen da zuen dinamikan?
M.L.R.: Hirurok lan egiten dugun arlo akademikoan ez baina arlo artistikoan nabari da. Badirudi gazteei txanda eman
behar zaien kultura nagusitzen dela, baina egun dugun bizi itxaropenarekin, adierazteko asko duen adineko jende horrengan pentsatu behar da.
G.A.O.: Zinean adibidez gizonezko adinekoak ikusten dira, askoz gehiago zigortzen da emakumea izatea. Emakumeak gaztea izan behar du, eta ez bada, haren antza izan behar du. 60 urtetik gorako zenbat emakume kantari daude?
J.Z.: Ahalduntze prozesu batean gaude emakumezkoen arloan, baina emakume helduok ere badugu zeresanik.