Babeserako deia, N-634 errepide bazterretako zuhaitz mozketa lanetan

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 10a, 08:03

Gipuzkoako Foru Aldundia egunotan N-634 errepide ertzetan egiten ari den zuhaitz mozketa lanak kontuz egitea eskatu du Usurbilgo Udalak.

N-634 errepidea itxita edo erdi itxita dugu egunotan bi zonaldeetan. Batetik, Atxegaldetik hasi eta Orioko Txankako biribilguneraino, bide hau ixten ari dira gau partean, 22:00etan hasi eta 6:00ak arte. Bizilagunek baino ezin dute igaro ordu tarte horretan zonalde horretatik. Ostiral gau honetan itxiko dute azkenekoz. "Bide ertzeko zuhaitzak inausi eta moztu behar ditu hainbat puntutan", ohartarazia du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horregatik, "N-634 errepideko galtzada erabat moztuko da lan horiek egiteko, Usurbilgo N-634-4 lotunetik Txankako N-634-O lotuneara, gauez (22:00etatik 6:00etara), eta ordezko bidea AP-8 (Orio–Donostia) errepidea izango da. Eremu horretan bizi diren partikularrei gauero lan egiten den lan-punturaino joateko baimena emango zaie, baina adierazi behar da AP-8 errepidetik desbideratu behar dutela, baldin eta beren bizilekua hortik harago badago".

Usurbilgo Udalak moztera doazen zuhaitzen babeserako deia egin du sare sozialen bidez. "Udalak Aldundiari eskatu dio, mozketa lanak beharrezkoak baldin badira ere, zuhaitz bakoitzaren ezaugarriak eta egoera kontuan hartuta egiteko. Izan ere, tarte horretan, interes ekologiko handiko ibai ertzeko baso bat garatzen da, eta batzuk Natura 2000 sarearen barruan daude".

Troia eta Txikierdi arteko lanak maiatza amaierara arte
Gogoan izan, bestalde, otsailaren 28an amaitzekoak zituela Gipuzkoako Foru Aldundiak Troia eta Txikierdi arteko lanak N-634 errepidean. Azkenean ordea, ekainera arte luzatuko direla ohartarazi du egunotan. "Martxoaren 3an, amaitutzat eman ziren N-634 errepidearen oin-horma sendotzeko obrak, 1,715 eta 1,792 KPen artean, Usurbilgo udal-mugartean. Hala ere, obra horiek egin bitartean, horma sendotuaren alboko zatiak antzeko patologiak dituela ikusi zen, eta, beraz, beharrezkotzat jotzen da hormaren sendotzea Donostiarantz luzatzea". 40 metro luze eta 3 metro garai den horma sendotzeko, hormigoizko zapata baten bidez azpiak berrituko dira eta proiektatutako hormigoizko geruza bikoitza jarriko da.

Lanak amaitu artean, ondorioz, "Donostiarako noranzkoko erreia maiatzaren 31era arte itxiko da". Zirkulazioa noranzko bakarrekoa izango da eta orain arte bezala, semaforo bidez antolatuko da trafikoa, txandakako sisteman. "Sor litezkeen trafiko handiko aldietan, seinaleztatzeko langileen laguntza egongo da", Aldundiak prentsa-ohar bidez jakinarazi duenez.