Zumetaren muralak 50 urte

Mende erdiko horma-irudia, begi-bistan berriz

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 10a, 13:35

Aldamioa kendu diote, azken asteotan kontserbazio lanetan izan duten Jose Luis Zumetaren frontoi atzealdeko muralari.

Kendu dute aldamioa eta begi bistan dago berriz, Jose Luis Zumeta margolariak duela 50 urte sortutako frontoi atzeko murala. Mende erdia bete duen Mikel Laboa plazako horma-irudia kontserbatzeko lanak bideratu ditu Usurbilgo Udalaren eta Zumeta Arte Estudioaren enkarguz, Artyco enpresak azken asteotan.

Zeregin hauetan zirela, zenbait bisita egin dituzte. Azkena aste honetan bertan, udal ordezkari politiko eta teknikariena. Lehenago, aurreko igandean, martxoaren 5ean herritar talde batek lanok hurbiletik behatzeko aukera izan zuen. Bisita Usoa Zumetak eta Artyco enpresako ordezkari Azucena Priorrek gidatu zuten.

Usoa Zumetak aitaren historia kontatu zuen, murala egiteko prozesuaz aritu zen eta Usurbil zein Euskal Herriko historian lan honek izandako garrantziaz. Ondoren, Azucena Prior kontserbazio lanen arduradunak prozesua zertan den eta zer egin duten azaldu zuen. 

Muralaren 50. urtemugaren harira, ekimen gehiago antolatu dituzte Zumeta Arte Estudioak eta Usurbilgo Udalak:

Zumetaren muralaren 50. urtemugako ekitaldiak
Urtean zehar...
"Hormaren mintzoa". Bideo pieza artistikoen grabaketa Euskal Herrian ezagunak diren sortzaileekin.

Apirilaren 28tik maiatzaren 15era
Muralaren sortze prozesua azalduko duen erakusketa Sutegin.

Udan
Zumetaren horma-irudiaren parean, murala bera protagonista nagusia izango duen jaialdia herriko sortzaile eta kultur eragileekin.

Irailaren 29tik urriaren 15era
Jose Luis Zumetaren eta Usurbilen arteko harremana aztertuko duen erakusketa Usurbilen.

Antolatzaileak: Zumeta Arte Estudioa eta Usurbilgo Udala.
Laguntzailea: Gipuzkoako Foru Aldundia.