“Buruntzaldean ere, lehen indarra izatetik inoiz baino gertuago gaude”

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 12a, 12:38

Argazkia: LAB sindikatua.

Hala jakinarazi du Buruntzaldeako LAB sindikatuak, martxoaren lehenean Buruntza-Goierriko LABeko ordezkariek Legorretan egin zuten eskualdeko batzarrean.

Hurrengo hilabeteotako plangintzan jasotako gaiak kokatu eta “hauteskunde sindikalen epealdi trinkoko urte amaierako datuak partekatzeko probestu genuen”.

LAB-etik berri eman dutenez, %4,58an gehitu du ordezkaritza eremu honetan. “192 delegatu eta %31,89ko ordezkaritza izatetik, 225 delegatu eta %36,47ko ordezkaritza izatera igaro gara”. Babes gehien duen bigarren sindikatua da Buruntzaldean, baina ohartarazi duenez, “lehen indarra izatetik inoiz baino gertuago gaude”. Hain zuzen, nagusitasuna duen lehen sindikatuak duen babesarekiko “aldea oso txikia” dela diote, %1 baino gutxiagokoa. “Geroz eta langile gehiago dira gure ekintza soziosindikalak erakarrita gurekin bat egiten dutenak, eta hori argi geratzen da afiliazioan ere. Azken lau urteetan ia 6.000 langile gehiago dira LABen komunitatearen parte, horietatik gainera %43,58a emakumeak. Azken lau urteetan %13,97ko igoera izan dugu, 47.742 afiliatu izatera iritsiz”.

“Zuekin bagara!”
Esparrua zertxobait gehiago zabalduz gero, Buruntza-Goierri eremu osoa aintzakotzat hartuta, “LAB sindikatuaren emaitzak oso onak izaten ari direla azpimarratu nahi dugu. 2022ko abenduaren 31n, duela lau urteko epealdi trinkoko emaitzekin alderatuta, 493 delegaturekin %30,36ko ordezkaritza edukitzetik, 556 delegatu eta %38,64ko ordezkaritza izatera igaro gara. %8ko igoera izan dugu. LAB da delegatu kopuru eta portzentaian hazten den sindikatu bakarra. Une honetan, lehen indarrarengandik genuen %15eko tarte hori %1 soilik izatera igaro da. Beraz, lehen indarra izatetik inoiz baina gertuago gaude”.

Datuok eskutan, “argi dago beraz, geroz eta langile gehiagok, LABen proiektuarekin eta borroka egiteko moldeekin bat egiten dutela. LABetik, bai beren bozka bidez babesa eman diguten langile guztiei, zein hautagai izateko urratsa eman duten guztiei eskertu nahi diegu. Euskal Herri osoko langile guztientzako sindikalismo independentista eraginkorrena garatzeko gure konpromezuari eusten diogu. Zuekin bagara!”.