Gidabaimena euskaraz ateratzeak saria Buruntzaldean

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 12a, 12:55

Gidabaimena euskaraz ateratzeko eragiten ari dira Buruntzaldeko udalak eta hainbat autoeskola 2010. urteaz geroztik. Ordutik 18 urtetik gorako 1.252 lagunek atera dute ibilgailuan joan etorriak egiteko baimena. 60 izan ziren iaz.

Prestakuntza saiook euskaraz egitea sustatzeko urtero zozketa egiten dute egitasmo honetako udal eta autoeskola parte hartzaileek. “Izan ere, gaur egun gazte gehienek D ereduan ikasiagatik, oraindik ere gehienek gaztelaniaren aldeko hautua egiten dute” eta. Saria, atal teorikora bideratu daitekeen diru kopurua izaten da, gehienez 400 euro. Aurtengoa, berriki egin dute Potxoenean Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek eta egitasmoan parte hartu duten zazpi autoeskolek. Guztira bederatzi izan dira sarituak eskualde mailan. Herri bakoitzetik “gidabaimena euskaraz” izeneko proiektuan parte hartzen duten autoeskola adina saritu izan dira. Usurbilen bakarra dugunez, saritu bakarra izan da; Elorri Armendariz Tolosa.

Zozketan parte hartzeko beharrezkoa da eskualdeko sei udalerrietako batean erroldatua egotea eta gidabaimenaren zati teorikoa euskaraz egin eta gainditu izana, egitasmo honekin bat egin duen autoeskoletako batean.

Euskararako jauzia
Argi denez, oraindik orain sektore honek guztiz euskalduntzeke segitzen du. Baina aurtengoan “berri pozgarri bat izan dugu euskararen aldetik autoeskolen munduan:

Errenteriako Don Bosco ikastetxeak Goi Mailako ziklo bat eskaini du D ereduan autoeskolako irakasleak prestatzeko: klase teorikoak eta praktikoak emateko aukera izango dute irakasle horiek. Buruntzaldeko udalek pozarren hartu dute albistea, uste baitute horri esker datorren urteetan zentro gehiagok eskaini ahal izango dutela zikloa, eta, honenbestez, gidabaimena euskaraz ateratzeko erraztasun handiagoak emango direla”.

Bestalde, urtero moduan, maiatzean aurten 18 urte beteko dituzten Buruntzaldeako gazteei gutun bana bidaliko diete eskualdeko udalek, “euskaraz ateratzeak dituen abantailen berri emanez eta hala egitera animatuz. Gazte askok uda partea aprobetxatzen dute gidabaimena ateratzeko; beren ikasketak euskaraz egin dituzten gazteak dira eta ezinbestekoa da helduarorako urrats garrantzitsu eta erakargarri hori euskaraz eman ahal izatea. Hortik udalon inplikazioa eta autoeskolen ahalegina”.

Sarituak
Andoain: Mirene Iraola Trecu eta Jon Mugica Manso.
Astigarraga: Danel Soraluce Arrizabalo.
Hernani: Eider Goikoetxea Salazar, Garazi Sarriegi Apezetxea eta Manex Usarraga Vicent.
Lasarte-Oria: Sara Etxeberria Zapirain.
Urnieta: Ekain Etxeberria Zabala.
Usurbil: Elorri Armendariz Tolosa.

Autoeskola parte hartzaileak
Otamendi, Hernani, Lagunak, Bengoetxea, Mendi, Mugica eta Solozabal.