Nepalgo emakumeak laguntzeko denda solidarioa zabalduko dute gaur

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 13a, 14:08

Aste solidarioa antolatu dute Udarregi ikastolako LH 6. mailako ikasleek gaurtik, martxoaren 13tik 17ra. Nepalgo emakumeak laguntzeko denda solidarioa zabalik izango dute aste osoan Agerialdeko frontoi estalian.

“Hezkuntzaren bidez, Nepaleko neskato eta emakumeen etorkizunean aldaketa bat lortu nahi dugu. Ikasteko aukera emanez, emakumeak lan-munduan sartzeko aukera handiagoa du, erabakitzeko ahalmen handiagoa eta baliabide gehiago familia nahiz komunitatea mantentzeko”. Eta horretan dihardu Nepaldala Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE); haurren ezkontza murrizten, neskei ikasketak ahalbidetzen, emakumeen trafikoaren aurkako borrokan, emakumeak ahalduntzen laguntzen edota “Chhaupadi” bezalako ohitura arriskutsuak desagerrarazten.

Sostengu lan honetara batu dira orain Udarregi ikastolako LH 6. mailako ikasleak. Azken hiruhilekoan, garatuak dauden eta garabidean diren herriadeetako bizi-baldintzak aztertu dituzte, tokian tokiko osasuna, hezkuntza eta bestelako zerbitzuen egoera nolakoa den. Behaketa lana soilik ez, ekarpenen bat ere egin nahi zuten eta aipatu GKE-koekin hartuemanetan jarri ziren. “Nepalalda laguntzeko proiektu bat martxan jarri dugu”, berri eman diote ikasleok NOAUA!ri. Diruz lagunduko dute GKE hau, eta horretarako, elkartasun ekimen astea iragarri dute martxoaren 13tik 17ra. Denda eta korrika solidarioa antolatu dituzte. Hitzorduokin bildutako dirulaguntza Nepalaldara bideratuko dute. “Guk ateratako dirua, Nepalgo zonalde batean hezkuntza jasotzeko zailtasuna duten emakumeei laguntzeko erabiliko dugu”.

Kontzientziazioa
Herri osoari zuzendutako lasterketari dagokionez, ez dela lehiakorra izango ohartarazi dute antolatzaileek. Bakoitzak bere erritmoan osatu ahalko du, lasterka edo oinez. “Ez da beharrezkoa ibilbide osoa egitea”. Lasterketarako dortsalak datorren aste osoan Agerialdeko frontoi estalian kokatuko duten denda solidarioan eskuratu ahalko dira. Baita egingo duten elkartasun zozketarako errifak ere edota beste hainbat material.

“Proiektu hau landuta nahi dugu jendea konturatzea munduan badela jendea laguntza behar duena. Guk gure inguruan ikusten dugu gure bizi-baldintzak nahiko onak direla eta ez gara konturatzen beste herrialdeetan nola bizi diren. Ekimen honekin nahiko genuke transmititu toki guztietako baldintzak ez direla berdinak”. Zehazkiago, Nepalen, “bizi baldintza oso txarrak dituztela, batez ere emakumeek”. Adibide moduan jarri digute, bertako emakumeek hilekoa dutenean bizi behar duten tratu krudela. “Gizonek txabola txiki-txiki batzuetara eramaten dituzte eta han uzten dituzte. Haien pribilegioak galtzen dituzte, ezin dute familiarekin harremandu bost egunez. Bakarrik egoten dira. Hamar urteotan hainbat emakume hil dira baldintza horietan”. Horregatik, zorteduntzat jotzen dituzte “hezkuntzarako baliabideak” dituztenak.

Aldaketa sustatzeko
Errealitate hau iraultzen lagundu nahi dute. “Hezkuntzaren bidez, Nepalgo neskato eta emakumeen artean aldaketa bat eragin nahi dugu. Ikasteko aukera emanez, emakumeak lan-munduan sartzeko aukera handiagoa du, erabakitzeko ahalmen handiagoa eta baliabide gehiago familia nahiz komunitatea mantentzeko”.

Elkartasun astea
Martxoak 13-16, astelehenetik ostegunera
16:20-16:40
Denda solidarioa Agerialdeko frontoi estalian: martxoaren 21ean zozketatuko duten bertako produktuez hornituriko otarrerako errifak 2 eurotan (ikastolako idazkaritzan ere salgai) eta lasterketarako dortsalak 5 eurotan salgai (0000 dortsala borondatearen truke), baita motxilak, karterak, egutegiak...

Martxoak 17, ostirala
Korrika solidarioa frontoitik:
18:00 Txikiak. Ibilbidea: frontoia, Bordatxoko biribilgunea, Zubiaurrenea, Askatasuna plaza, frontoia.
18:30 Gazteak eta helduak. Ibilbidea: frontoia, Bordatxoko biribilgunea, Puntapax kalea Aranerrekara arte, Errekatxiki kalea Zubiaurrenearen lotunera arte, Askatasuna plaza, frontoia.
Oinez nahiz korrika egin osatu ahalko dira ibilbideok. Baina lasterketa ez da lehiakorra izango.
-Denda solidarioa frontoian jarriko dute. Bertan, besteak beste, aste osoan zehar salgai izango dituzten produktuekin batera, ikasleek sukaldaturiko pintxoak (1,50 euro) eta iturriko ura dastatzeko aukera.

Informazio gehiago: nepaldala.org

Antolatzailea: Udarregi ikastola.