10 urte

"Usurbildik ari gara!" eguna larunbatean, Ernaik antolatuta

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 13a, 11:38

Larunbaterako egunpasa antolatu du Usurbilgo Ernaik.

Gazte antolakundearen hamargarren urtemugaren harira, “herriko gazteok elkartu eta gozatzeko aukera izango dugu martxoaren 18an”, iragarri dute. Egun osorako ekimenak antolatu ditu Ernaik. Hasteko, gazteen osasun mentala hartuko dute ahotan. Gogoan izan, udazkenean ekin zioten gai honen lanketari. Galdetegi bat egin zuten eta hango emaitzak kontuan izanda, zenbait saio iragarri zituzten; haietako bat, harremanei buruzkoa, larunbat honetarako. Hitzordu gehiago ere iragarri dituzte:

Martxoak 18, larunbata
10:00 Tailerra Gazte Lokalean: "Gazteon osasun mentala: "Heldu diezaiegun harremanei".
14:00 Paellada frontoian. Izen-ematea Aitzagan edo Ernairen sare sozialetan.
15:00 Mural margoketa frontoian.
20:30 Gazte argazkia Aitzagan.
Ondoren, ekitaldia eta Viafara Aitzagan.

Gazte Topagunea
Larunbateko "Usurbildik ari gara" eguna, hamar urte bete dituen gazte erakundeak antolaturiko Gazte Topagunearen atarian egingo dute. Ernai gazte antolakundeak hain zuzen, apirilaren 6tik 9ra "bizitzeko modu bat" aldarripean Elorrion iragarri du. Berrogeitik gora sortzaileek parte hartuko dute hitzordu honetan. Kontzertuez gain, mahainguruak, tailerrak, ikuskizunak eta ekitaldi gehiago ere izango dira Bizkaiko udalerri horretan. Gazte Topagunerako bonoak Aitzagan eskuragarri dituzue. Online ere eskura ditzakezue helbide honetan: https://bibe.me/event/9tDUlRJ8G1MUAcwuHes0/entradas-gazte-topagunea-2023-elorrio-elorrio


Erraustegiko istripuaren salaketa
Ostiralean larriki zauritu zen langile bat Zubietako erraustegian. Istripu honen salaketa plazaratu du Usurbilgo Ernaik. "Zubietako erraustegian betiko lepotik burua. Isurketa ezberdinak, azalpenik gabeko itzaltzeak, lan istripuak… Etengabekoak dira irregulartasunak eta etengabekoa, baita ere, herritarron aldarrien aurreko isiltasuna. Ustelen legea errautsa eta kea, erraustegirik ez!".