Urbil, ‘Pauso Berriak’ programarekin bat

Erredakzioa 2023ko mar. 14a, 08:47

Atzegi eta Gureak dira ‘Pauso Berriak’ programaren sustatzaile nagusiak. Era honetan, adimen-desgaitasuna duten pertsonei lan merkatuan txertatzen laguntzen diete. Urbil merkataritza-gunea ekimen honen kolaboratzaile zaharrenetako bat da.

Aurreko astean, beste urtebetez berritu zen Urbil, Atzegi eta Gureak-en arteko lankidetza-hitzarmena. Honi esker, Oscar Guinaldok Urbilen segiko du lanean. “Oscar langile handia izateaz gain, Urbilgo giza taldeko kide da”. Hamahiru urte egin ditu Urbilen eta “lan handia egiten du garbiketa alorrean”, Urbilgo komunikazio bulegotik azaldu digutenez.

Sinadura ekitaldian, Gureak-eko arduradun diren Bakartxo Bandresek eta Susana Pastorek hartu zuten parte. Euren esanetan, Oscarrek egunero egiten duen lanari esker “aktibo mantentzen da eta hazten jarraitzen laguntzen dio. Asko eskertzen dugu Urbil merkataritza-gunearen eta bere talde osoaren inplikazioa”.

Leyre Lobato Urbilgo gerentearen esanetan, horrelako programek denei egiten die mesede: “pertsonen gaitasunetan sinesten dugulako. Horregatik, haien beharretara egokitutako aukerak ere sortzen ditugu Urbilen”.