Udarregi ikastola

Nepalgo emakumeak laguntzeko denda solidarioa

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 14a, 09:22

Nepalalda Gobernuz Kanpoko Erakundea laguntzeko landu duten proiektu solidarioaren baitan, denda zabaldu dute Udarregi ikastolako LH 6. mailako ikasleek. Ostiralerako lasterketa antolatu dute herrian barrena.

Elkartasun txokoa zabaldu dute Udarregi ikastolan; Nepalgo emakumeak laguntzeko gunea hain zuzen. Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleek azken aldian landu duten proiektuaren baitan, egunotarako aste solidarioa antolatu dute. Hasteko, denda ireki dute astelehen honetan. Jende dezente hurbildu da lehen egunean.

Ostegunera arte zabalik izango dute Agerialdeko frontoi estalian; ostiralean, aldiz, herriko frontoian. Martxoaren 17an hain zuzen lasterketa antolatu dute adin guztietako herritarrentzat Kaxkoan barrena. Adi, egunotako denda solidarioan hitzordu honetarako dortsalak eskuratu ahalko dira, baita bestelako hainbat produktu ere Nepalalda Gobernuz Kanpoko Erakundea laguntzeko. Jasotako laguntza GKE honek bideratuko du gero, Nepalgo emakumeen artean.

“Hezkuntzaren bidez, Nepaleko neskato eta emakumeen etorkizunean aldaketa bat lortu nahi dugu. Ikasteko aukera emanez, emakumeak lan-munduan sartzeko aukera handiagoa du, erabakitzeko ahalmen handiagoa eta baliabide gehiago familia nahiz komunitatea mantentzeko”, hortxe Nepalaldaren erronka.

Erronka honekin bat egin dute Udarregi ikastolako LH 6. mailako ikasleek. “Proiektu hau landuta nahi dugu jendea konturatzea munduan badela jendea laguntza behar duena. Guk gure inguruan ikusten dugu gure bizi-baldintzak nahiko onak direla eta ez gara konturatzen beste herrialdeetan nola bizi diren. Ekimen honekin nahiko genuke transmititu toki guztietako baldintzak ez direla berdinak”. Zehazkiago, Nepalen, “bizi baldintza oso txarrak dituztela, batez ere emakumeek”. 


Elkartasun astea
Martxoak 16ra arte, ostegunera arte
16:20-16:40
Denda solidarioa Agerialdeko frontoi estalian: martxoaren 21ean zozketatuko duten bertako produktuez hornituriko otarrerako errifak 2 eurotan (ikastolako idazkaritzan ere salgai) eta lasterketarako dortsalak 5 eurotan salgai (0000 dortsala borondatearen truke), baita motxilak, karterak, egutegiak...

Martxoak 17, ostirala
Korrika solidarioa frontoitik:
18:00 Txikiak. Ibilbidea: frontoia, Bordatxoko biribilgunea, Zubiaurrenea, Askatasuna plaza, frontoia.
18:30 Gazteak eta helduak. Ibilbidea: frontoia, Bordatxoko biribilgunea, Puntapax kalea Aranerrekara arte, Errekatxiki kalea Zubiaurrenearen lotunera arte, Askatasuna plaza, frontoia.
Oinez nahiz korrika egin osatu ahalko dira ibilbideok. Baina lasterketa ez da lehiakorra izango.
-Denda solidarioa frontoian jarriko dute. Bertan, besteak beste, aste osoan zehar salgai izango dituzten produktuekin batera, ikasleek sukaldaturiko pintxoak (1,50 euro) eta iturriko ura dastatzeko aukera.

Informazio gehiago: nepaldala.org

Antolatzailea: Udarregi ikastola.