Baso sute arrisku handiagatik abisu horian

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 16a, 08:06

Uda giro beteko osteguna izango dugula iragarri du Euskalmet-ek ostiral goizeko 9:00ak arte.

Aldaketa handiko egunak bizitzen ari gara tenperaturari dagokionean. Oraindik ofizialki neguan garela jakinda, azken aldiko egun beroena biziko dugu gaur, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez; uda giro betekoa. Usurbilen, 23 graduko tenperatura izango dugula dio aipatu agentziak, ostegun arratsalde honetan, 14:00-16:00 artean. Tenperatura altu honengatik eta datozen orduotan izan dezakegun "hegoaldeko haizearen indarragatik, hezetasun baxuagatik eta landareriaren lehortasunagatik" abisu horia ezarri dute ostiral goizeko 9:00ak arte baso sute arrisku handiagatik.

Uda giro beteko eguna espero da, beraz. "Hego-haizea harro, batez ere ipar-ekialdean. Hego-haize gogorraren eraginpean, tenperatura maximoek nabarmen egingo dute gora eta kostaldeko zenbait tokitan giroak udako itxura har dezake. Eguzkia jaun eta jabe, tarteka goi-hodeiak ugariak izango diren arren. Arratsaldetik aurrera mendebaldetik etorritako erdi mailako hodei trinkoagoak ugarituz joango dira".

Aldaketa biharko. "Ostiralean eguraldia nahasiagoa izango da. Egunaren hasieran zerua hodeitsu egongo da, erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin. Egunaren erdiko orduetan ostarteak zabalduko dira, baina arratsaldean zerua tarteka hodeitsu egongo da, bero-hodeiekin, eta zaparrada batzuk bota ditzake, batez ere ipar-ekialdean. Hegoaldeko haizea bizi ibiliko da oraindik, baina hodeiak ugariagoak izango direnez tenperatura maximoak laupabost gradu baxuagoak izango dira. Tenperatura minimoek berdintsu jarraituko dute. Arratsaldearen amaieran kostaldean haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egin dezake", Euskalmet-en esanetan.

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus