19. Soinurbil

Orquesta Reusonicaren tailerra eta kontzertua larunbatean

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 17a, 08:49

Orquesta Reusonicak tailerra eta kontzertua eskainiko ditu Zumarte Musika Eskolak antolatutako Soinurbil zikloaren baitan. Larunbatean, martxoaren 18an izango da hori. Berrerabilitako material eta objektuekin musika egiten duen talde katalana da Usurbilen izango dena. Tailerra goizeko 11:00etan izango da musika eskolan, eta kontzertua, berriz, frontoian arratsaldeko 19:00etan. Taldeko partaide den Rocco Papiarekin izan da NOAUA! ikuskizunaren nondik-norakoak ezagutzeko.

NOAUA! Hondakintzat hartzen ditugun objektuak aprobetxatuta musika egiten duzue. Nola bururatu zitzaizuen ideia?
Rocco Papia: Hirukotea bide ezberdinetatik eratorritakoa da. Xavi eta Antoniok aspalditik lan egiten dute egunerokotasunean erabiltzen ditugun objektuak eraldatu eta horiekin musika egiten. Irudimena lantzeko egiten duten ariketa bat da. Nik, berriz, proiektuan parte hartu dut ingurumen kontzientziazioaren gaiagatik. Haurrekin lan egiten dut, eta batez ere itsasoko hondakinak birziklatzen. Oso kontzientziatuta nago itsasoaren egoerarekin. Hondartzetan hondakinak biltzen ditut askotan, eta horrekin instrumentuak egin eta erabilpena ematea ederra iruditzen zait auzi horri modu indibidual batean heltzeko. Taldearen helburua ez da birziklatutako elementuekin instrumentuak egitea bakarrik, musika ona egitea da asmoa. Irudimena eta ingurumen kontzientziazioa uztartuta musika ona egitea da helburua.

Musika egiteaz gain, kontzientziazio lana ere egin nahi duzue?
Ideia bikoitza du. Alde batetik, musika edonon dagoela erakutsi nahi dugu eta edozein material musika tresna ederra izan daitekeela. Zentzu horretan, ez dago ezberdintasunik instrumentu “tradizional” eta berrerabilitako materialarekin egindako baten artean. Musika instrumentuak sortu baino askoz ere lehenago sortu zen musika, eta beraz, edozerekin egin daiteke. Bestalde, hausnarketa bultzatzeko aitzakia ederra da. Ia konturatu ere ez gara egiten egunerokotasunean erabiltzen ditugun objektuak zein azkar bilakatzen diren hondakin. Segituan iruditzen zaigu bizitza erabilgarria amaitu egiten zaiela, baina objektu eta materialek guk uste baino bizitza luzeagoa dute eta pentsatu baino erabilera gehiago.


Larunbat goizekoa, “gaztetxoei eta familiei zuzendutako tailerra izango da”

NOAUA! Kontzertua larunbat arratsaldean izango da frontoian baina goizean tailer bat eskainiko duzue Zumarten, ezta?
Rocco Papia: Haur eta familiei zuzendutako tailerra izango da. Euren artean musikarekin lotutako jokoak egin beharko dituzte. Ondoren, eurek etxetik ekarritako materialarekin instrumentuak egingo dituzte: plastikozko botilak, latak... Behin instrumentuak eginda, kontzertu bat prestatuko dugu denon artean instrumentu berriak jotzeko. Normalean oso gauza politak eta irudimen bizikoak ateratzen dira. Haur askok instrumentu berriak asmatzen dituzte eta nik, adibidez, umeek asmatutako bi instrumentu erabiltzen ditut zuzeneko ikuskizunean.

“Tailerretan oso ondo pasatzen du jendeak”

NOAUA! Arratsaldean kontzertua eskainiko duzue. Materiala birziklatuz eginiko instrumentuak erabiliko dituzue?
Rocco Papia: Kontzerturako etxetik eramandako instrumentuak erabiliko ditugu. Goizean egingo dugun tailerrekoen antzekoak izango dira, baina lanketa gehiago dute. Material birziklatuz egindakoak dira eta beste inon ikusi gabeak. Benetako instrumentu bakarra gitarra bat da. Nik jotzen dut gitarra eta 7 soka ditu, gitarra normal batek baino bat gehiago. Gainontzeko instrumentu guztiak guk asmatutakoak dira. Nik surfstur izeneko instrumentu bat asmatu dut Irango ‘santur’ izeneko instrumentu baten antzekoa baita, baina surf taula batekin egindakoa da. Xavik bizikletaren gurpil bat jotzen du flauta bat balitz bezala eta Antoniok kanikak jotzen ditu. Gure asmoa ez da instrumentuak imitatzea, baizik eta berriak proposatzea materialak eskatzen duen moduan. Nik xilofonoa jotzen dut plastikozko botilez egindakoa. Botilofonoa dela esan genezake. Botilaren barruan sortzen den presioaren ondorioz egiten du musika, ez du xilofonoarekin zerikusirik.

Ikuskizun eta tailer hau beste leku batzuetan ere egin duzue? Zer-nolako harrera izan dute?
Jendea erabat txundituta geratzen da. Tailerretan oso ondo pasatzen du jendeak. Tailerra egin baino lehen hondakintzat hartzen zituzten objektu horiei balioa eman eta etxean gordetzen dute altxor bat balitz bezala. Hori da guretzat erantzunik onena ingurumenaren zainketaren ikuspuntutik. Kontzertuetan esaten digute begiak itxiz gero, ez luketela jakingo objektuak jotzen ditugunik, baizik eta benetako instrumentuak. Flauta bat iruditzen zaiena aulki bat izan daiteke, baxua dirudiena surfeko taula bat eta bateria bat, berriz, plastikoz eta bestelako materialez osatutako pilaketa bat. Jendeak esaten digu gurea ez dela ikuskizun berezi bat bakarrik, baizik eta musika kontzertu on eta ikusgarri bat. Gure asmoa ere hori da, azken finean.