20. Laburbira

Euskarazko film laburren uzta berria ikusgai igandean

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 18a, 09:04

Euskarazko film laburren Laburbira emanaldiaren hogeigarren edizioa igandean Sutegin, NOAUA! Kultur Elkartearen eskutik.

Bueltan dator euskarazko film laburren zirkuitu ibiltaria. Hogeigarren ediziora heldu den ekimena 32 herritan 34 emanaldi eskainiko da, besteak beste, Usurbilen. 2023ko edizioa igandean, martxoaren 19an helduko da Sutegira, NOAUA! Kultur Elkartearen eskutik. Zazpi film labur proiektatuko ditugu kultur-etxeko auditorioan, arratsaldeko 18:30etan hasita.

Albiste honi atxikitako bideoan duzue ikusi ahalko duzuenaren aurrerapentxo bat. Adi, filmetako batean, "Erlojupekoa" izenekoan Jontxu Martinez aktore herrikideak parte hartu du. Proiekzio honetan izango dugu gonbidatu gisa, film labur honen zuzendari Leire Egañarekin batera.



"Muskil"
Sinopsia: "Ixabel eta Pedro Muskil baserrian bizi diren agure bikotea dira. Ixabelek baserriko lanak egiten pasatzen ditu egunak, Pedrok, aldiz, tabernan. Ixabeli gero eta gehiago kostatzen zaio bizimodu horrekin jarraitzea eta, gainera, Pedroren tratu txarrak jasan behar ditu. Egun batean, Luisa, maistra berri gaztea, ondoko baserrira etortzen da bizitzera. Ixabel eta Luisaren arteko harremana estutzen doan heinean, Pedroren tratu txarrak gora egiten dute…".
Zuzendaria: Marina Perosanz.
Aktoreak: Iñake Irastorza, Jose Ramon Soroiz, Miren Arrieta.



"Olatuen isiltasuna"
Sinopsia: "Urtero urtero Lekeitioko kaleetatik ibilbide berdia egiten du protagonistak zerbait edo norbait bilatzeko asmoarekin. Lan honekin, filaren zuzendariek; Maria Bartolome, Erik Campos, Fernando Martinek, 2022. edizioko Kameratoia, ikus-entzunezkoen rallya irabazi zuten".
Zuzendariak: Maria Bartolomé, Erik Campos, Fernando Martín.


"Irrits"
Sinopsia: "Izaro eta Clara, 17 urteko neska nerabe bi, begirale lanetan ari dira haurrentzako udalekuetan. Egun berotsu batean, Clarak irrikaz musukatzen du laguna. Izaro, grinak itsututa, noraezean dabil gertatu zaiona kudeatu nahian, baina prest dago Clarari jarraitzeko, hark nahi duen eremura".
Zuzendaria: Maider Oleaga.
Aktoreak: Erika Olaizola, Angela Echaniz Oyarzabal, Izaro Nieto, Xabier Elizalde.


"Erlojupekoa"
Sinopsia: "Astronautaz jantzitako rider bati enkargu bat jasotzeko mezua iristen zaio. Paketea motxilan, riderrak esleitutako misioa hasten du bideojoko baten pertsonaia balitz bezala ibilbidean topatzen dituen oztopoak ahal bezala saihestuz. Lortuko al du bere misioa betetzea erlojupekoa amaitu baino lehen?".
Zuzendaria: Leire Egaña.
Aktoreak: Lore Nekane Billelbeitia, Irene Caminos, Jontxu Martinez, Ruben Markina.


"Hitzak"
Sinopsia: "1966, Ipar Euskal Herriko Bizkarsoro izeneko herrixkan, lau neska gaztek lurperaturik diren hitzak atzematen dituzte. Michellek, 21 urteko gazteak, ez ditu ulertzen. Familian aspaldian galdu zuten hizkuntzan idatziak dira.
Zuzendaria: Josu Martinez.
Aktoreak: Lea Campistron, Arantxa Hirigoien, Yaiza Arregi, Kattalin Bidart, Mikela Atxoarena, Juanes Ustaritz, Titika Rekalt.


"Asko falta da?"
Sinopsia: "Neska gazte bat asteburu pasa doa lagun talde berri batekin. Egun batetik bestera, gau bakar batean, dena aldatuko da".
Zuzendaria: Ane Cuesta.
Aktoreak: Maria Redondo, Gaizka Sarasua, Iholdi Beristain, Beñat Iturbe, Unai Arana.



"Koadro goriari heldu"
Sinopsia: "Herminia, 91 urteko andre bakartia, egoitza batean bizi da. Ez du inorekin harremanik, zentroko langile bat harengana hurbiltzen saiatzen den arte".
Zuzendaria: Iulen Arana.
Aktoreak: Itziar Aizpuru, horacio Ubiria, Olatz Beobide, Maitane Aldako, Luis Fernández, Puri Urretabizkaia.