Guztiok parte hartzeko lasterketa solidarioa gaur

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 17a, 07:04

Nepaldala Gobernuz Kanpoko Erakundea laguntzeko Udarregi ikastolako LH 6. mailako ikasleek antolaturiko elkartasun astea borobiltzeko lasterketa solidarioa iragarri dute gaurko. Herri osoak parte har dezake hitzorduan.

Herri osoari zuzendutako lasterketari dagokionez, ez dela lehiakorra izango ohartarazi dute antolatzaileek. Bakoitzak bere erritmoan osatu ahalko du, lasterka edo oinez. “Ez da beharrezkoa ibilbide osoa egitea”. Bi itzuli iragarri dituzte Udarregi ikastolako LH6koek; lehenengoa haurrentzat, eta bigarrena gazte eta helduentzat.

“Guk ateratako dirua, Nepalgo zonalde batean hezkuntza jasotzeko zailtasuna duten emakumeei laguntzeko erabiliko dugu", berri eman diote NOAUA!ri asteotan antolatzaileek.

Modu honetan, hilabeteotan landu duten elkartasun proiektua borobilduko dute. Nepaldala  Gobernuz Kanpoko Erakundea (GKE) laguntzen dihardute. GKE honetan, “hezkuntzaren bidez, Nepaleko neskato eta emakumeen etorkizunean aldaketa bat lortu nahi dugu. Ikasteko aukera emanez, emakumeak lan-munduan sartzeko aukera handiagoa du, erabakitzeko ahalmen handiagoa eta baliabide gehiago familia nahiz komunitatea mantentzeko”. Eta horretan dihardu Nepaldala Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE); haurren ezkontza murrizten, neskei ikasketak ahalbidetzen, emakumeen trafikoaren aurkako borrokan, emakumeak ahalduntzen laguntzen edota “Chhaupadi” bezalako ohitura arriskutsuak desagerrarazten.

Elkartasun astea
Martxoak 17, ostirala
Korrika solidarioa frontoitik:
18:00 Txikiak. Ibilbidea: frontoia, Bordatxoko biribilgunea, Zubiaurrenea, Askatasuna plaza, frontoia.
18:30 Gazteak eta helduak. Ibilbidea: frontoia, Bordatxoko biribilgunea, Puntapax kalea Aranerrekara arte, Errekatxiki kalea Zubiaurrenearen lotunera arte, Askatasuna plaza, frontoia.
Oinez nahiz korrika egin osatu ahalko dira ibilbideok. Baina lasterketa ez da lehiakorra izango.

Denda solidarioa frontoian
Martxoaren 21ean zozketatuko duten bertako produktuez hornituriko otarrerako errifak 2 eurotan (ikastolako idazkaritzan ere salgai) eta lasterketarako dortsalak 5 eurotan salgai (0000 dortsala borondatearen truke), baita motxilak, karterak, egutegiak, ikasleek sukaldaturiko pintxoak (1,50 euro) eta iturriko ura dastatzeko aukera.

Informazio gehiago: nepaldala.org

Antolatzailea: Udarregi ikastola.