#M28

Udal eta foru hauteskundeetako EHBilduren zerrendaburuen aurkezpena larunbatean

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 17a, 09:21

Usurbilgo Udalerako eta Gipuzkoako Foru Aldundirako zerrendaburuak aurkeztuko ditu EHBilduk, larunbat eguerdian Mikel Laboa plazan deitu duen ekitaldi politikoan.

Datozen maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetarako prestaketa lanak martxan dira aspaldidanik. Lanok gizarteratzen hasiak dira eragile politikoak; tartean, EHBildu. Gogoan izan, otsailaren 8an ezagutarazi zuen koalizioak Usurbilgo Udalerako aurkeztuko duen hautagaia nor izango den; egungo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesa.

2023-27 legealdirako koalizioko zerrendaburu gisa hautatu dute, "oinarrien babes zabalarekin". Usurbilgo EHBilduren esanetan, "erakutsitako kudeaketa gaitasunagatik, legegintzaldiari jarraipena eman, ditugun proiektuekin segi eta Euskal Herria eraikitzen jarraitzeko gure hautagaia!" izango dela berri eman zuten duela hilabete.

Maddalen Iriarterekin
Alkategai gisa jendaurrean aurkeztuko du EHBilduk larunbat honetarako, martxoaren 18rako, eguerdiko 12:30etan Mikel Laboa plazan deitu duen ekitaldi politikoan. Berarekin izango da baita Maddalen Iriarte, EHBilduk Gipuzkoako Foru Aldundia gidatzeko aukeratu duen hautagai, edo bestela esanda, datozen foru hauteskundeetarako zerrenda-burua. "Martxoaren 18an zita bat dugu Mikel Laboa Plazan. Aurkezpen ekitaldia izango dugu Agurtzane Solaberrieta eta Maddalen Iriarterekin, EHBilduren Usurbilgo alkategaia eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusirako hautagaia".