#M28

Xabier Otxoa izango da EAJ-PNV alderdiko alkategaia Usurbilen

Erredakzioa 2023ko mar. 17a, 10:35

Usurbilgo EAJren udal batzarrak Xabier Otxoa Muñoz hautatu du datozen udal hauteskundeetarako zerrendaburu gisa. Aretxabaletakoa da jaiotzez, 31 urte ditu eta Usurbilen bizi da gaur egun. Alderdiaren babesarekin eta militantziak berretsita, Otxoa izango da "Usurbilgo herritarrei aukera berriak" eman nahi dizkion apustuaren buru, "ilusioz eta proiektu sendoekin, etorkizuneko erronkei arrakastaz aurre egiteko prest". 

Xabier Otxoa hautagaiak "ilusioz eta lanerako gogo handiz" onartu du izendapena, eta helburu bat finkatu du: "Usurbil aurrera eramateko erabakitasunez lan egitea, proiektu eta plan guztiak errealitate bilaka daitezen". Horretarako, "lidergo argia, kudeaketa talde bat eta EAJ-PNVren indarra" behar direla gaineratu du.

EAJk prentsa-ohar bidez jakinarazi du hautagaitza. Zerrendaburu berriaren prestakuntza, esperientzia eta ilusioa nabarmendu ditu eta, bereziki, "bere lanerako gaitasun handia". Bere ekarpena erabakigarria izan daitekeela dio alderdi jeltzaleak, "Usurbil berpizteko garrantzi handiko une honetan".

 

Usurbilen bizi da

Usurbilera etorritako gazteak dio bere bizitza proiektua Usurbilen hasi berri duela eta bera bezala, hainbat direla bertara etorri diren gazteak. “Horregatik behar du Usurbilek gidaritza berri bat, Usurbilen jaiotakoak zein kanpotik etorritako usurbildarrak gidatzeko aintzat hartzen dituen proiektu bat behar du”, dio Otxoak.

 

Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkidea 

Hautagai jeltzalea, ubide eta portuetako ingeniaria da ikasketaz, hirigintzan espezializatua, eta lanbide horretan ingeniaritza enpresa batean eman ditu azken urteak bazkide bezala. Orain enpresen administrazio eta zuzendaritza master exekutiboa egiten dabil. Gizarte-bizitzan eta alderdian inplikatutako pertsona, Otxoak konpromiso hori "urrunago eraman" nahi du, kudeaketa pribatuan zein publikoan egin duen ibilbidean lortutako esperientzia eta berrikuntzarako gaitasuna eskainiz.

Otxoa hain zuzen, Aretxabaletako udalean zinegotzia eta hirigintza burua da, eta azken lau urteetan hainbat izan dira atxabaltarren bizitza hobetzeko bultzatutako lanak eta proiektuak. Bestalde, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, batzarkidea da gaur egun. Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketa, Bide Azpiegiturak eta Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako batzordeetan lanean dihardu legealdi honetan.

 

"Talde lana eta esfortzua"

EAJk bere agirian dioenez, "abertzale eta euskaltzale honek ilusio handiz eta erantzukizunaren zentzu handiz hartu du izendapena". Otxoak bestetik, eskerrak eman dizkie alderdiari eta berarengan konfiantza jarri duten pertsona guztiei. Taldea berritzeko borondatea azaldu du, "ideia eta ilusio berriak ekarriko dituzten pertsona berriak inplikatuz".

Xabier Otxoak hortaz, Josune Urkola azken legealdietako zerrendaburuaren tokia beteko du.