#M28

Agurtzane Solaberrieta: "Lau urteotako pasio eta bokazio publiko berarekin heltzen diot konpromiso berritu honi"

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 18a, 15:42

Eguerdian aurkeztu du Usurbilgo EHBilduk jendaurrean, datozen udal hauteskundeetarako zerrendaburua; egungo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesa. Berarekin izan da koalizioak foru hauteskundeetarako aukeraturiko Gipuzkoako zerrendaburu Maddalen Iriarte Okiñena.

"Pasio, konpromiso eta bokazio publikoarekin jardun dugu lau urteotan eta asmo berarekin heltzen diot erronka eta konpromiso berritu honi". Hala adierazi du egungo Usurbilgo alkate eta datozen maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako EHBilduren zerrendaburu Agurtzane Solaberrieta Mesak deialdi honetara aurkezteko larunbat eguerdi honetan Mikel Laboa plazan egin duten jendaurreko agerraldian.

Berarekin izan da baita, maiatzeko azken igande horretan egingo diren foru hauteskundeetarako koalizioak hautatu duen zerrendaburu Maddalen Iriarte Okiñena. 

Bost lan-ildo
EHBilduko kideei eskerrak helaraziz hasi du alkategaiak bere hitzaldia, etxekoen eta lagunengandik jasotako babesa goraipatuz. Gogoan izan eta eskertu nahi izan ditu baita lau urteotan lankide izan dituenak. Datorren legealdian, azken lau urteotan "herri erronka estrategikoei aurre egiteko" martxan jarritako egitasmoetan sakontzea izango dutela helburu aurreratu du. Bost lan-ildo nabarmendu ditu. Batetik, "herri justuago eta berdinzaleagoa" nahi dutela aldarrikatu du Solaberrietak, ingurumenaren zaintza lehenetsiko duen herri jasangarria. "Euskara, kultura eta gure herri identitatea ardatz izango duen tokiko ekonomia sustatu nahi dugu", gaineratu du. Zaintzen duen herrian eta gobernantza demokratikoan ere sakondu nahi dutela aurreratu du. Horri guztiari "zuzendutako politikak indartzera goaz".

Bistan denez, "ez da gutxi egin duguna eta asko da oraindik egiteke duguna". Hala islatuko du EHBildurentzat iparrorratza izango den herri programak, baita egitasmo guztiok garatzeko osatzen ari diren taldeak ere. "Talderik onena osatuko dugu. Jakintza, ilusioa, gaztetasuna, freskotasuna, herrigintza, gertutasuna, eskarmentua eta indarra ziurtatuak ditugu. Hain zuzen, horiek dira EHBilduren osagaiak, balioak eta horiek ere Udalera eramango ditugu berriz".

"Usurbilek behar duen alkatea zara"
Solaberrietak Usurbilgo EHBilduren babes osoa du. "Hautagai bikaina zara Agurtzane.  Usurbilek behar duen alkatea zara. Milesker beste behin ere konpromiso kolektiboa lehenetsi eta aurrera urratsa egin duzulako", adierazi diote herri mailako koaliziotik. 

Egungo alkatearen aldeko apustua berretsi dute, "legegintzaldi honi jarraipena eta koherentzia emateko, kudeaketa gaitasun itzela duelako, abian dauden proiektuen bilakaera egokia ziurtatu eta garatzeko pertsona ezinhobea delako. Indarrean dagoen legegintzaldian martxan jarri diren proiektuek gure komunitatean izan duten onespen maila altuagatik. EHBilduren ildo nagusiekin zeharo lerrokatutako udal politikak sortu, diseinatu eta aurrera eramateko gaitasuna duelako. Egun, herrian ditugun proiektu askok bere sinadura daramate. Bere bultzada eta konpromisoari esker egin dute aurrera, eta gainera, proiektu eraldatzaile eta inspiratzaileak dira askorentzat".

"Txundituta nago"
"Plazerra eta pribilejioa da bide hau zurekin partekatzea", adierazi dio EHBilduren alkategaiari, datozen foru hauteskundeetarako EHBilduren Gipuzkoako zerrendaburu Maddalen Iriarte Okiñenak. Herrialde mailan, EHBildu udal gobernuetan egiten ari den lana goraipatu du; besteak beste, Usurbilgo Udalean. "Txirikorda edo Matia Fundazioarekin egiten ari zareten elkarlana sakonago ezagutzeko aukera izan dut. Gaur usurbildar izan nahi nuke, bihotz-bihotzez esaten dizuet. Txundituta nago", adierazi du sortzez amona usurbildarra zuen Iriartek.

Usurbilen ikusitakoaren haritik, zaintza eredua irauli eta denon bizitzak erdigunean jarri beharrak daudela nabarmendu du. "Zaintza politizatu behar da eta zaintzaren merkantilizazioarekin amaitu behar dugu". Horrek guztiak "eskatzen duena da zaintza sistema publiko komunitario kooperatibo bat marraztea eta denok horretara interpelatzen gaitu". 
Eztabaidatu eta adostasunera heltzeko guztion konpromisoa behar dela gogorarazi du.

Zaintza gaiez gain, gazteak hartu ditu ahotan. "Asko larritzen nau gazteek gaur egun bizi duten egoera. Ez dute bizi proiekturik egiteko ere". Herri hau berrindustrializatzeko beharra baita. Erabakitzeko eskubidearen bidetik marraztu du etorkizuna. "Guk erabaki behar dugu nola nahi dugun izatea herri honen etorkizun politikoa. Nik bozkatzeko eguna iristen denean, Euskal Herriaren independentziaren aldeko bozka emango dut", berretsi du. Aurrera begira, gaineratu duenez, "herri honen askatasunagatik borrokatuko gara, guztien eskubideak bermatzeko borrokatuko gara. Guztion bizitza proiektuak izateko eta garatzeko borrokatuko gara. Gurea askatasuna delako".