Elkartasun uholde itzela

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 18a, 13:45

Arrakastatsua izan da, Udarregi ikastolako LH 6. mailako ikasleek antolaturiko elkartasun astea borobildu duen lasterketa.

Ezin esan, ezta gutxiagorik ere Usurbil herri solidarioa ez denik. Ikusi bestela irudiok. Bat baino gehiago hunkitu zituen ostiral arratsaldean, herrian barrena egin zen elkartasun lasterketak; udalerrira etorritako Nepaldala Gobernuz Erakundeko kideak tartean. Haien GKE-a laguntzeko ekimena izan baitzen, Udarregi ikastolako LH 6. mailako gazteek azken hilabeteotan landu duten proiektuaren baitan antolaturiko hitzordua.

Produktu, errifa eta dortsalen salmenta denda solidario bat irekita izan ostean aste osoan, aipatu moduan, norberak nahieran osatzeko bi lasterketa prestatu zituzten ostiral arratsaldean. Bat, txikiena, haurrak eta haien gurasoak bidelagun izan zituenak. Bigarrena, gazte eta helduena. Honako hau jendetsuagoa noski, batzuk korrika, besteak oinez, bizikletaz... egin zutenak. Aurretik jolasean eta dantzan aritu ziren beroketa ariketa gisa.

Udaberri giro beteko ostirala lagun, elkartasun giroa zabaldu duten guztiek herrian barrena. Antolatzaileak eta parte hartzaileak ezin gusturago noski. 

Balantze gozoa
Datozen egunotan plazaratuko dute elkartasun aste honi buruzko balantzea antolatzaileek eta asteartean egitekoa dute bestalde, martxoaren 21ean alegia, ziklo honen baitan antolatu duten errifa zozketa. Egunotan jasotako laguntza, aipatu moduan, Nepalgo emakumeak laguntzen diharduen Nepaldala GKE-ari emango diote. Bertan, “hezkuntzaren bidez, Nepaleko neskato eta emakumeen etorkizunean aldaketa bat lortu nahi dugu. Ikasteko aukera emanez, emakumeak lan-munduan sartzeko aukera handiagoa du, erabakitzeko ahalmen handiagoa eta baliabide gehiago familia nahiz komunitatea mantentzeko”. Eta horretan dihardu Nepaldala Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE); haurren ezkontza murrizten, neskei ikasketak ahalbidetzen, emakumeen trafikoaren aurkako borrokan, emakumeak ahalduntzen laguntzen edota “Chhaupadi” bezalako ohitura arriskutsuak desagerrarazten. Informazio gehiago hemen: nepaldala.org