20. Laburbira

“Laburmetraia oso surrealista da eta nire pertsonaiak ere ildo hori jarraitzen du”

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 18a, 09:02

Martxoaren 19an izango da aurtengo Laburbira, film labur sorta eder batekin. Tartean izango da ‘Erlojupekoa’ izenekoa. Lan honetan Jontxu Martinez herrikideak parte hartu du. Laburbiraren proiekzioaren amaieran, solasaldian izango da Leire Egaña zuzendariarekin batera. Lan berri honetaz eta aktorearen ofizioaz aritu gara hizketan Jontxurekin.

NOAUA! “Erlojupekoa” film laburrean parte hartu duzu. Hitz gutxitan, zeri buruzko filma da?
Jontxu Martinez: Rider baten istorioa da. Janaria etxez etxe eramaten duten pertsonak dira riderrak Globo, Uber edo horrelako enpresentatzat lan egiten dutenak. Rider honi eskaera leku batera eramatea tokatzen zaio eta Road Movie baten moduan, bide bata jarraituz pertsonaia batzuk aurkitzen ditu Galdakaoko kaleetan. Herriko jaietan kokatutako filma da. Umoretik, zientzia fikziotik eta surrealismotik elikatutako lana da.

Zein da zure pertsonaiaren rola?
Eszena txiki bat daukat nik. Ez dut hitzik esaten, baina riderrak aurkitzen duen pertsonaia bat da. Beldurgarria izan daitekeen pertsonaia bat da, baina komikoa da, batez ere. Laburmetraia oso surrealista da eta nire pertsonaiak ere ildo hori jarraitzen du. Lan honek ez du gai seriorik jorratu nahi edo istorio gogor dramatiko bat oinarri hartu.

Nola sartu zinen proiektu honetan?
Udalbiltzako diru-laguntza banaketan, herri bakoitzari pertsona edo lantalde bat tokatu zitzaion. ‘Bost teilatu’ izena duen proiektua Galdakaori tokatu zitzaion, Bira Produkzioak taldearen gidaritzapean. Laburmetraia Galdakaon grabatzeaz gain, herritarrek ere parte hartzea nahi zuten sorkuntza lan horren alor guztietan: gidoiak egiten, kamera atzean lanean, kamara aurrean lan egiteko... Ni Usansolokoa naiz, Galdakao ondoko herri batekoa eta casting-ean izena eman nuen beste hainbatek bezala. Casting-aren bidez Galdakaoko jendea nolakoa zen ezagutu nahi zuten paper txikiak egiteko. Hainbat pertsonaia egin behar izan genituen proba horietan: mozkorrarena, txakur bat paseatzen duenarena, geure burua... Behin probak amaituta, nire pertsonaia egiteko beste pertsona bat aukeratu zuten. Orain estreinatu berri den Irati filma grabatzeko deitu zioten eta, beraz, ni izan nintzen bigarren hautatu hori. Musutruk egin eta goiz batean grabatu genuen lan bat izan zen. Oso paper txikia da nirea hitzez, baina badu halako presentzia. 

Lan gehiago egindakoa zara zinema munduan, ezta?
Pandemia aurretik lan batzuk egin nituen, antzerkian, batez ere. Bilboko antzerki eskola batean jaso nuen formakuntza. Gaur egun geroz eta antzerki eskola gehiago daude, batez ere Bilbo inguruan. Donostian TAE daukagu, adibidez, eta Bilbon EHUrena den Dantzerti edota bestelako dozena bat eskola. Bilbo inguruko herri askotan ere badaude: Getxon, Erandion, Barakaldon, Basaurin... Antzerkian zazpi bat urtetik aritu naiz eta modu profesionalean 2018z geroztik. Pandemia ondoren, antzerkiak indar handia galdu du, baina egin ditut bestelako lantxo batzuk “Erlojupekoa” gisan edo bestelako laburmetraia batzuetan ere.


“Euskal zinemagintza oso indartsu dago”
NOAUA! Antzerkitik bizitzea posible al da gaur egun?
Jontxu Martinez: Aitziber Garmendia edo aktore ezagun hauetakoren bat izanez gero, ziur aski bai, baina Jontxu Martinezek ez. Antzerkitik bizi direnek telebista edo zineman paper txikiak izaten dituzte, eta modu horretan bizibidea atera daiteke. Hala ere, gure sektorean %70eko langabezia-tasa dago. Ni neu orain beste sektore batean ari naiz lanean denontzat beste lanik ez dagoelako antzerkian. 
Usurbilen zortea izan dezakezu kulturgileentzako diru-laguntzak daudelako, baina modu askoz sistematizatu eta globalagoan behar dira laguntzak egoera aldatu ahal izateko.

Baduzu orain proiekturen bat?
Ez, orain ez daukat proiekturik. Berriki Alex Tello usurbildarrarekin aritu naiz lanean. Film bat grabatzen aritu da bost bat urtez eta duela hilabete amaitu zuen grabaketak egiten. Aginagan izan ziren grabaketa duela hilabete eta gonbidatu egin gintuen eszenatxo bat grabatzera aginagar eta usurbildar batzuk. Gogoa badut gauza gehiago egiteko, baina oraintxe ez dut beste ezer eskuartean. Oholtza ez dut inoiz utziko, hori argi daukat, baina orain bizi edo biziraun beharra daukat. Hala ere, antzezlan bat amaitu eta txaloak jo arteko isilune magiko hori bizi beharra daukat, droga moduko bat da eta hori kontsumitu beharra daukat.

Leire Egaña ‘Erlojupekoa’ laburmetraiko zuzendariarekin izango zara Laburbiraren proiekzioaren ondorengo solasalditxoan, ezta?
Leire Egañak aspektu teknikoak azalduko ditu eta denetariko anekdotak eta nik nire esperientziari buruz hitz egingo dut eta zein ondo pasatu nuen kontatuko dut eta grabaketetako sekretu txikiak. Bestetik, gure laburmetraiarekin barre egiteko aukera izango da eta beste batzuekin agian negar edo beste zerbait. Euskal zinemagintza oso indartsu dago orain, Irati filma ere arrakasta ederra izaten ari da eta hori elikatzen jarraitu beharra dago eta euskal kulturaz gozatzeko.