Udako kanpaldirako aurre izen-ematea ireki du Ziortzak

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 20a, 10:24

Uztailerako antolatzen ari diren udako kanpaldian aurre izen-ematea derrigorrezkoa izango da Ziortzak ohartarazi duenez, gero izen-emate ofiziala egin ahal izateko.

Udaberrian sartuko garen astelehen honetan bertan jakinarazi du Ziortza gazte elkarteak uztailerako prestatua duen plangintza. Errioxako Peñaloscintosen kokatu ohi duen udako kanpaldiaz ari gara noski. DBH-ko gazteei zuzendutako aisialdiko ekimen honetan aurrematrikulatzeko epea zabaldu dute gaur. Antolatzaileek argitu dutenez, "aurre izen-emateak kalkulu bat egiteko soilik balio du, ez da izen-emate ofiziala".

Astelehen honetan, martxoaren 20an hasi eta apirilaren 2ra arteko tartea izango dute interesdunek urrats hau egoki emateko. Ezinbestekoa izango da, gero izen-emateko. "Izen-emate ofiziala, soilik, aurre izen-emateko galdetegia bete dutenek egin ahal izango dute", ohartarazi dute Ziortzatik.

Plaza kopuru mugatua izango du Ziortzaren udako kanpaldiak. Hiru txanda izango direla iragarri dute.

Ziortzaren udako kanpaldia
Noiz:
-Uztailak 5-14: DBH 3-4.
-Uztailak 14-21: DBH 2.
-Uztailak 21-28: DBH 1.

Aurre izen-emateko epea: martxoak 20-apirilak 2.
Aurre izen-emateko esteka: Ziortzaren udako kanpaldia
Oharra: plaza kopuru mugatua.
Antolatzailea: Ziortza Gazte Elkartea.
Laguntzaileak: Usurbilgo Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia.