Gogotik girotu zuten herria eta esperientzi hark utzitako zapore ezinhobearen ostean, esperientzia errepikatzea erabaki dute. Apirilaren 1ean bueltan izango ditugu bigarren urtez segidan Iruñeako Peña Alegriako kideak. Iaz bezala, aurten ere Usurbil hautatu dute sagardotegira egin ohi duten irteerarako. Herriko sagardotegi batean bazkalduko dute, baina otordu horren aurretik, eta gero, arratsalde partean, Usurbilen barrena kalejiran ikusiko ditugu, haiekin etorriko diren Nafarroako hiriburuko Igandea izeneko txaranga gaztearekin batera.
"Gonbidatuak zaudete gurekin elkartzera", adierazi diote NOAUA!ri aipatu bilgunetik. Iaz ere herria dantza batean jarri zuten moduan, oraingoan ere haien festa girora batzeko gonbita egin dute. "Giro oso ona izan genuen. Aurrez ezer esan gabe txarangarekin han agertzeko asmoa izanda, kezka puntua bagenuen ea jendeak zer nolako harrera egingo zigun, desados egon ote zitezkeen. Agian ez zitzaiela ondo irudituko pentsatzen genuen. Baina harrera oso ona egin ziguten". Horregatik, aurten berriz udalerri honetara itzultzea erabaki dute.