Amaitu da Euskal Pilota Egokituko 13. Gipuzkoako Txapelketa, bai behintzat buruz buruko modalitateari lotutako partidak, asteburuan Urretxun jokatu diren finalekin. Gurpildun aulkiko palako kategorian Beñat Lizaso nagusitu da. Bere aurkari Asier Navaridasek txapeldunorde amaitu zuen larunbat goizeko Urretxuko Ederrena pilotalekuko neurketa. 15-10 izan zen azken emaitza.
Adimen urritasun kategorian, aldiz, Eneko Sagarmendik irabazi zion finala Iraitz Hueguni. "Aurreko edizioko finalak errepikatu dira, eta baita txapeldunak ere", gogorarazi du Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak.
Abian den txapelketak segida izango du hurrengo asteotan; "binakako lehiarekin; apirilaren 1ean izango da hurrengo jardunaldia, Zarautzen".
Master Cup Txapelketako finalean
Txapelketa bat irabazi eta beste baten finalerako sailkatu da baita usurbildarra, Euskal Pilota Egokituko Master Cup txapelketarako hain zuzen. Kasu honetan, binakako lehia jokatu zuen igandean Eibarren Lizaso Yann Meunierrekin batera. Eibarko norgehiagokan Joseba Lasa eta Gorka Alvarezekin lehiatu ziren; 4-15 irabazi zieten. Partida harekin finalerdietara sailkatu eta finalerdietan 15-6 irabazi zieten Leire Troitiñori eta German Elkorori. Finala apirilaren 9an Irungo Uranzu frontoian 12:00etan hasita.