"Hamaika ditu egitekoak hamar bete dituenak"

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 21a, 11:34

Argazkia: Ernai.

Hamar urte bete ditu Ernai gazte antolakundeak. Urtemugaren harira "Usurbildik ari gara" eguna antolatu zuen larunbatean Usurbilen, denetariko ekimenekin.

Gazteen osasun mentala hizpide zuen tailerrarekin ekin zioten egunari; harremanen gaia jorratu zuten. Paellada edota urtemugaren murala margotu ostean, talde argazkia atera eta ondoko manifestua plazaratu zuten, Viafara herriko taldearen kontzertua hasi aurretik, Sutegi atarian. "Hamaika ditu egitekoak hamar bete dituenak" dio adierazpenak.

Ernai
Erresistentzia hutsa ez zen aukera bat, gehiago nahi genuen, Euskal Herri aske, sozialista eta feminista erdiestea. Guk geuk eraikitzea. Ernai gazte antolakundea sortu zuten ehunka gazteren grina zen hura; kolorea, bizitasuna, ilusioa eta berritasuna mahaigaineratu zituen Lizarrako frontoian belaunaldi hark, gaur 10 urte.

Militatzeko, kaleak hartzeko eta borrokatzeko modu berriak zeharkatzen. Independentzia, sozialismoa eta feminismoa, gaur egun erraz esaten dugun hau, berritasuna izan zen 2013an, feminismoa helburu estrategiko gisa kokatu baitzuen Ernaik. Feminismoarekin gure burua zalantzan jarri dugu, eraldaketa zer den ikasten ari gara. Praktikara eramaten, talka egiten, baina aurrera jarraitzen dugu. Jendarte askea eraikitzeko ezinbesteko pausoa izan da eta jendartea astintzen jarraituko dugu. 

Hamarkadetako borrokaren eroaleak baino gehiago izan gara. Milaka gazterentzat askapen mugimenduan lehen pausoak emateko lehen eskola izateaz gain, independentzia eta sozialismoa borroka askatzaile berriekin txirikordatzeko jaio zen Ernai. Urte hauetako irakaspenek gure etorkizuneko ibilbidean ere lagunduko gaituzte. Askapen mugimendua eraberritzen jarraitu eta duen gaitasun askatzaile osoa eskuratzeko konpromiso irmoa berresten dugu. Ernai sortu zenean, zabaltzen ari zen ziklo politikoak askapen mugimenduaren hedapena zuen apustu. Ernai ziklo politiko berri horren irekieran jaio, hazi eta hezi den antolakundea da. Prozesu horretan eragin dugu, eta era berean, hurrengo hamarkadetarako prestatu gara milaka gazte zein egun Ernai osatzen dugun militanteak.

Kapitalismo zisheteropatriarkalak eragiten dituen zapalkuntzei aurre egiteko proiektua, antolakundea, estrategia eta militantzia eredua garatzeari deritzogu prestatzea. Kapitalismo zisheteropatriarkalak modu bereiztuan kolpatu baitu gure belaunaldia, bizi espektatiben erortzea baita ezarri zaiguna, 2008an hasi eta 2020ko krisian azkartua. Krisi horiek sortutako errealitateei eta gazteongan eragindako prekarietate eta bizi espektatiben erortzeari erantzutea izan da Ernairen jardunaren muina. Norabide horretan jardun dugu ahots propioz zein bestelako borroka askatzaileetan: historikoa izan den borroka feministan, erabakitze eskubidearen eta burujabetzaren aldeko borrokan, autoritarismoaren aurkakoan, bizi-baldintza duinen aldekoan, edota preso eta iheslarien etxeratzean tiraka. Horietan, eta batez ere, gazte mugimenduetako hamaika proiektu eta borroketan.

Espainiar eta frantziar estatuek aipatutako krisi horiek betikotzea besterik ez dute proposatzen, baina hori bera  aukera bilakatzera goaz. Gazteriaren artean sistemarekiko eta miseria eskaintzen diguten estatuekiko atxikimendua geroz eta baxuagoa da. Guk, horren aurrean, zapalkuntzarik gabeko jendartea garatzeko Euskal Herriaren alde egingo dugu lan, Euskal Herria zapalkuntzarik gabeko jendartea erdiesteko abiapuntua baita, iraultzarako territorioa. Independentzia berriz, eguneroko antolakuntza eta borroka oinarri duen estrategiaren ortzimuga eta beharrezkoa duen salto kualitatiboa. Gero eta gazte gehiago independentziaren alde kokatu eta prozesu independentista eraldatzailea azkartzeko konpromiso irmoa dugu. Independentzia eskuratu, burujabetza prozesuan aurrera egin eta gazteria zapalduta biziko ez den Euskal Herri aske, sozialista eta feminista lortzera goaz. Hamaika ditu egitekoak hamar bete dituenak.