19. Soinurbil

Elizako organoa bisitatu ostean, kontzertua gaur

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 23a, 09:40

19. Soinurbil zikloaren baitan, Pol Álvarez i Vicianaren kontzertua gaur Salbatore Elizan.

Elizako organoa bigarrenez protagonista gaurkoan, 19. Soinurbil zikloaren baitan. Pol Álvarez i Vicianaren kontzertuaz gozatzeko aukera izango da Salbatore Elizan. 1999an Terrassan jaiotako gaztea 7 urterekin organo ikasketak abiatu eta 14 urte zituenetik kontzertista bakarlari gisa ari da. Stuttgarteko eliza bateko organo jotzaile titularra eta koru-zuzendaria da egun. Bere emanaldia, aipatu moduan, gaur 19:00etan Salbatore elizan.

Organoa dugu protagonista bigarrenez ostegun honetan, Zumarte Musika Eskolak antolaturiko zikloaren baitan. Astelehenean bisita gidatua antolatu zuten herri honek duen altxorra ezagutzera emateko. Joan Luis Atxegak gidaturiko saioan instrumentu honen sorreraz eta Usurbilera etorri aurreko ibilbideaz jardun zuen, besteak beste, hitzordura joandako Zumarteko piano ikasleekin. Haiek 1907an Parisen eraikitako organoa ikusi eta jotzeko aukera ere izan zuten.

19. Soinurbil
Martxoak 23, osteguna
19:00 Pol Álvarez i Vicianaren organo kontzertua Salbatore Elizan.
Zehaztasunak: “14 urte zituenetik ari da kontzertista bakarlari gisa. Halaber, kontzertuak eman ditu laguntzaile gisa, bai Katalunian, bai nazioarteko jaialdietan. 2017az geroztik, Kirchenmusiker (organo jotzaile titularra eta koru zuzendaria) da Alt Heumaden elizan, Stuttgarten”.

Martxoak 24, ostirala
18:30 Habia taldearen “Hiru hari, hiru ahots” emanaldia Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: “Tradiziotik ateratako doinuak eta beraien sorkuntzakoak jotzen dituzte. Habiaren musika entzutean mundua mugimenduan sentitzen dugu. Habia batean bagina bezala, amaren besoetan lokartuko bagina bezala. Egoera biziki berezi horretan gizadiaren barnetasunean murgiltzeko”.
Taldeko kideak: Amaia Hiriart (biolontxeloa, ahotsa), Maia Iribane (biolina, ahotsa), Elena Haira (biola, ahotsa).
Sarrera: 5 euro, aurrez usurbilkultura.eus plataforman eskuragarri.

Martxoak 26, igandea
12:15 Caparrosoko musika banda kalean.
13:00 Kontzertua frontoian.
Zehaztasunak: "Caparrosoko Musika Banda Kultur Elkartea 2013ko urrian sortu zen, 20 bat musikarirekin. Hainbat guraso elkartu ziren elkarte hori osatzeko, beren seme-alaben Oinarrizko Gradua Udal Musika Eskolan amaitzen zutelako eta ezin zutelako jotzen jarraitu. Gaur egun, beraien hamargarren urteurrenaren urtean, 30 bat musikari dira, pixkanaka, osagai kopurua handitzea lortzen ari dira. Beraien historia laburrean hainbat lekuetan  izan dira gonbidatuak. Esate baterako, La Pamplonesa Musika Bandaren mendeurrenera, San Fermin jaietara eta Arguedas herrira".

Martxoak 28, asteartea
18:30 Zumarteko ikaslen emanaldia Astigarragako Musika Eskolan.
Zehaztasunak: "Astigarragako Musika Eskolak gonbidatuta, Zumarte Musika Eskolako ikasleak Astigarragara joango dira musika-trukea egitera. Zumarte Musika Eskolako ikasleek urtean zehar eskolako taldeetan lantzen dutena aurkeztuko dute Astigarragan".

Antolatzaileak: Zumarte Musika Eskola eta Usurbilgo Udala.
Laguntzaileak: Salbatore Parrokia, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Kutxa.