Gauez itxita berriz N-634 errepidea, Atxegaldetik Oriora

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 22a, 11:06

Zuhaitzak mozten segitzeko berriz ere egunotan gauez itxita egongo da N-634 errepidea Atxegaldetik Oriora.

Adi, aste honetan ere N-634 errepideko bi zonaldeetan lanean ariko baitira. Batetik, duela hamabost egun bezala, martxoaren 6tik 10era egin zuten moduan, berriz ere errepide hau itxiko dute egunotan, gau partean, 22:00etan hasi eta goizaldeko 6:00ak arte, Atxegaldetik Orioko Txankako biribilguneraino. Iluntzeetan San Inaziotik behera N-634rako sarbideetan albiste honi atxikitako argazkiko seinaleekin egingo duzue topo.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Usurbilgo Udalari jakinarazi dionez, "errepide ertzeko zuhaitzak inausi eta moztuko ditu", eta modu horretan, aurreko asteetako lanei segida emango die. Gogoan izan,  Usurbilgo Udalak moztera doazen zuhaitzen babeserako deia egin du sare sozialen bidez. "Udalak Aldundiari eskatu dio, mozketa lanak beharrezkoak baldin badira ere, zuhaitz bakoitzaren ezaugarriak eta egoera kontuan hartuta egiteko. Izan ere, tarte horretan, interes ekologiko handiko ibai ertzeko baso bat garatzen da, eta batzuk Natura 2000 sarearen barruan daude".


Troia eta Txikierdi arteko lanak maiatza amaierara arte
N-634 errepidetik irten gabe, otsailaren 28an amaitzekoak zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak Troia eta Txikierdi arteko lanak N-634 errepidean. Azkenean ordea, ekainera arte luzatuko direla ohartarazi du egunotan. "Martxoaren 3an, amaitutzat eman ziren N-634 errepidearen oin-horma sendotzeko obrak, 1,715 eta 1,792 KPen artean, Usurbilgo udal-mugartean. Hala ere, obra horiek egin bitartean, horma sendotuaren alboko zatiak antzeko patologiak dituela ikusi zen, eta, beraz, beharrezkotzat jotzen da hormaren sendotzea Donostiarantz luzatzea". 40 metro luze eta 3 metro garai den horma sendotzeko, hormigoizko zapata baten bidez azpiak berrituko dira eta proiektatutako hormigoizko geruza bikoitza jarriko da.

Lanak amaitu artean, ondorioz, "Donostiarako noranzkoko erreia maiatzaren 31era arte itxiko da". Zirkulazioa noranzko bakarrekoa izango da eta orain arte bezala, semaforo bidez antolatuko da trafikoa, txandakako sisteman. "Sor litezkeen trafiko handiko aldietan, seinaleztatzeko langileen laguntza egongo da", Aldundiak prentsa-ohar bidez jakinarazi duenez.